Getxo Kirolak udal erakundea "Instituto Municipal de Deportes" ere deitzea nahi du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 7a, 22:39

Marisa Arrue Getxoko udal talde popularreko bozeramaileak gaur prentsaurrean azaldu duenez, Getxoko PPk izen elebiduna hobetsiko du kirol erakunde berriarentzat. Arruek Udal Gobernuak proposatutako Getxo Kirolak izen elebakarraren defentsa egiteko argudioa kritikatu du, izena "elebiduna izan beharko" litzaketeela gehituz.

"Euskaraz mantentzeko apustua egiten dela esaten dute, izena gazteleraz zein euskaraz antzekoa denean hizkuntza hori bultzatzeko" aipatu du eledun popularrak. Baina, Arrueren ustez "'kirolak' ez da 'deporte'ren antzekoa" eta horrek Espainian zein Europan zehar mugitzen diren kirolarientzat ulertzeko traba litzateke. Bestalde, Arruek ez du azaldu traba hori gaztelerak ere sortuko lukeela, adibidez ingelesa erabiltzen duten kirolarien kasuan.

Kirol taldeen ordezkaritza

Bestalde, Getxo Kirolak udal erakunde berriaren kontseilu nagusian kirol elkarteen eta erabiltzaileen parte-hartzea berma dadin ere eskatu du gaur Getxoko PPk. Arruek aipatu duenez, gaur egun Fadurako zuzendaritza batzordean "kirol taldeak ordezkatzen dituen pertsona bat badago". Pertsona horrek hitz egiteko eskubidea badu ere, ez dauka bozkatzeko ahalmenik, baina "kirol taldeen aldarrikapenak eta beharrak" jakinarazten ditu, eta Arrueren arabera Iñaki Zarraoa alkateak bertan behera utzi nahi du ordezkaritza hori.

Aipatutako eskaerak gauzatzeko, Getxo Kirolak erakunde sortu berriaren estatutuei hainbat zuzenketa aurkeztu ditu PPk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun