Euskal Material Didaktikoaren I. Topaketak: Hezkuntza Premia Bereziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 8a, 12:45

Azken 30 urteetan UEUk hainbat egitasmo eraman ditu aurrera eta, oraingoan, euskal material didaktikoa aztertzeko eta lantzeko ekimen bat aurkeztera gatoz Pedagogia sailaren eskutik. Zenbait hezkuntza-esparrutan euskal material didaktikoan hutsune handiak sumatu ditugu eta euskal material didaktikoa sortzeko edota dagoena egokitzeko beharra ikusi izan da. Materiala sortzeko saiakera onak egin badira ere, askotan, ez dute hezkuntza-komunitatera heltzeko giltzarria topatu eta bidean geratu dira. Horregatik pentsatu dugu “Euskal Material Didaktikoaren Topaketak” antolatzea. Alde batetik, Udako Euskal Unibertsitatearen eta hainbat ikastetxe, pertsona eta erakunderen indarrak biltzeko, eta, bestetik, kalitatezko euskal material didaktikoa sortzeko zubiak eraikitzeko.

Hezkuntzaren eremua zabala denez, aurtengo topaketetan hezkuntza-premia berezietako euskal materialak aztertuko ditugu, esparru honetan behar handia dagoela uste baitugu.
Hurrengo urteetan beste esparru batzuetara zabaltzea espero dugu.

Topaketa hauen helburu nagusia hau da: hezkuntza bereziko esparruan euskal material didaktikoaren egoera aztertzea, beharrak detektatzea eta behar horiei erantzuteko bideak zabaltzea. Aldi berean, alor honetan diharduten elkarte, erakunde eta profesionalen arteko esperientziak trukatzeko gunea sortu nahi da.

Topaketa hauek hezkuntza-premia berezietan dihardutenei zuzenduta daude: Hezkuntza Bereziko irakasleei, hezitzaileei, irakasleei, begiraleei eta, oro har, gaian interesa duten guztiei.

Lekua: Eibarren UEUren Ikastetxe Nagusian (Markeskoa Jauregia)

Nori zuzendua: Gaian interesa daukan edonori.

Matrikula prezioa: 70 Euro (ikasle / bazkideek: 70 euro)



Egitaraua


Martxoaren 4a, ostirala:

16:00 - 16:15: Topaketen aurkezpena. Lore Erriondo, EHUako Hezkuntza teoria irakaslea eta UEUko kidea.

16:15 - 17:30: Egoeraren azterketa. (hizlaria zehaztu gabe)

17:30 – 18:00: Galdekizunaren emaitzak.

18:00 – 18:30: kafea.

18:30 – 19:30: Talde-lana: beharrak detektatzeko tailerra.

Martxoak 5a, larunbata:

9:30 – 10:30: Euskarazko testak aztertzen. Nekane Balluerka, EHUko Psikologia fakultateko dekanordea eta UEUko kidea.

10:30 – 12:00: Esperientzia-trukaketa.

12:00 – 12:30: kafea.

12:30 – 14:00: Talde-lana: etorkizunerako bideak.

14:00 –14:30: Ondorioak.

Oharra: gehienez 50 pertsona onartuko dira.



Esperientzia trukaketa

Topaketa hauek antolatzerakoan, UEUko Pedagogia sailaren helburuetako bat izan da hezkuntza-premia bereziei buruzko euskarazko esperientziak aurkeztea eta elkarri trukatzea. Horretarako, ezinbestekoa da zuen parte-hartzea egunerokotasunean sortu eta erabiltzen dituzuen materialak aurkeztuz eta azalduz. Ikasgelan edo hezkuntza-egoeretan burututako esperientziak aditzera ematera animatzen zaituztegu!

Zerbait aurkeztu nahi baduzu, aurrez jakinaraztea eskertuko genizuke: pedagogía@ueu.org helbidera edo 943 821 426 telefonora (Ireide).

(Esperientziak aurkezten dituenak, matrikulan %30eko deskontua izango du)

Aurrerantzean...

Topaketetan antzemandako hutsune eta beharretatik abiatuta, UEUko Pedagogia sailak mintegi iraunkorra osatzea proposatzen du.

Zertarako mintegi iraunkorra hezkuntza-premia berezien esparruan?

- Topaketetan detektatutako beharrei erantzuteko.
- Euskarazko materialak sortzeko eta hezkuntza-komunitatera zabaltzeko.
- Elkarte, erakunde eta profesionalen esperientzia, informazioa eta elkarlana ahalbidetzeko.

Matrikulazioa

Otsailaren 7tik 27ra.

- Ikasle eta langabetuak: 40€ (ziurtagiria bidali behar da)
- Gainontzekoak: 70€

Esperientziak aurkezten dituenak, matrikulan %30eko deskontua izango du.

Parte hartu nahi dut
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun