Euskara ia hasieratik parte hartu du Expolangues azokan, 1986an izan baitzen lehen aldiz. Hizkuntza eta beraien heziketa eta nazioarteko elkartrukeen munduko azoka garrantzitsuenean egongo den 20. aldia izango da aurtengoa. Aurtengo edizioan 20.000 pertsonatik gora espero da, hala nola hizkuntz gaietako ikertzaileak, unibertsitateko irakasleak, itzultzaileak, trebakuntza iraunkorreko adituak, ikasleak eta hizkuntzen munduan interesa duen oro.
Halaber, gobernuetako eta enbaxadetako ordezkariak, argitaletxeak, ikasketa zentroak, unibertsitateak, multimedia arloko enpresak edo turismo bulegoak ere egongo dira bertan. Edizio honek 200 erakusletik gora bilduko ditu, 60 hizkuntza baino gehiago ordezkatuz. Azokan, hizkuntzen eta beraien ikasketarekin loturiko liburuak eta material multimediak erakutsiko dira. Joan den urtean, 20.872 bisitari izan ziren, eta ia erdia, 9.744 lagun, hizkuntzekin loturiko arlo profesionalekoak izan ziren, Europa Pressek jakinarazi duenez.
Parisko Euskal Etxea
Programa ofizialaren baitan, "Hizkuntzen Kioskoa" sailaren barruan, euskarari buruzko tailer bat eskainiko du Lorea Bilbao Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak. Horrekin batera, hitzaldien atalean, Pantxoa Etxegoien Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak "Euskara eta euskal kultura Frantzian" gaiaz hitz egingo du. Nafarroako Gobernuko Unibertsitate eta Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusia ere azokan izango da.
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak ere hartuko du parte Parisko azokan. Horrela, ostegunean, lankidetza-hitzarmena sinatuko du Parisko Euskal Etxearekin, Eusko Jaurlaritzaren internet bidezko auto-ikaskuntzako metodoaren frantsesa-euskara bertsioa ezartzeko. Parisko Euskal Etxean "Euskara Munduan" programaren baitan egiten den ikaskuntza-programari gehituko zaio tresna berria.
Euskarari buruzko informazioa
Eusko Jaurlaritzak Parisko Grande Halle de La Villete aretoan jarriko duen standean euskarari buruzko informazio ugari eskainiko da, hala nola euskara ikasteko materiala, hiztegiak, hizkuntz ikerkuntzak, jokoak, material multimediak, euskarazko literatur lanak eta euskaratik beste hizkuntzetara eta beste hizkuntzetatik euskarara itzulitako lanak, haur eta gazteentzako aldizkariak, euskarazko eguneroko prentsa eta abar.
Gainera, euskararekin loturiko web-orrietara eta atarietara sartzeko aukera izango da, besteak beste, www.habe.org edo www.euskara.euskadi.net. Euskararen auto-ikaskuntzako metodoak ere ezagutu ahal izango dira.
Euskara-eskolak munduan
Bestalde, HABE institutua "Euskara-eskolak munduan" programa ari da garatzen, Euskal Herritik kanpo ematen diren helduentzako euskarazko ikastaroen garapenerako eta homologaziorako plana, hain zuzen ere.
Programa honen bitartez, Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid, Paris, Londres eta Brusela bezalako hiriburu europarretan eta Ameriketan ematen diren euskarazko ikastaroak bultzatzea bilatzen da.
Nagusiki Euskal Etxeetan ematen diren euskarazko ikastaroetan 1.200 ikasletik gora dabiltza. Estatu espainiarrari dagokionez, 400 lagunetik gora ari dira euskara ikasten edo hobetzen (200 Madrilen, 100 Bartzelonan, 30 Valentzian, 25 Valladoliden eta beste zenbait Salou, Mallorca edo Zaragoza bezalako tokietan).
Horrez gainera, Europako hiriburuei dagokienez, Parisen 80 ikasle ari dira parte hartzen, eta Londresen beste 30. Ameriketan, 600 pertsona ari dira euskara ikasten kontinenteko iparraldeko edo hegoaldeko herrialde ezberdinetan.