Saharan garatzen ari diren bi egitasmoetan laguntzeko asmoz, Euskalfondoa erakundeari 30.000 euroko diru-laguntza ematea erabaki zuen Sopelako Udalak, urtarrilaren 27ko udalbatzan. Lehenengoa, errefuxiatuen kanpalekuen arteko errepideak konpontzean datza, gaur egun oso egoera txarrean baitaude. Beste alde batetik, aurreko urtetan bezala, "Oporrak Bakean" kanpainan parte hartuko du Sopelak. "Alde batetik, dirua ematea da asmoa, egitasmoa gauzatu ahal izan dadin. Bestetik, kanpaina abian jarri nahi dugu otsailean zehar herrian, umeak euren etxean hartzeko zenbat sopeloztar egongo liratekeen prest jakiteko", dio Ricardo Ibarra Komunikazio, Informazio eta Turismo zinegotziak.
Hortaz, hilabete honetan zehar, informazioa helaraziko da etxeetara eta otsaila amaieran edo martxoa hasieran bilera batera deituko dituzte saharar neska-mutilen bat euren artean hartzeko asmoa daukaten familiak. Sopelako Udalak egitasmorako emango duen laguntza horren araberakoa izango da.
Guatemalarako 6.000 euro
Beste alde batetik, Guatemalan garazten ari den lankidetza egitasmorako ere, 6.000 euro ematea onartu zen urtarrileko udalbatzan. Horri esker, lekuko emakumeei bekak eskainiko dizkiete Alto de la Paz-en dagoen San Miguel de Tucurú-n ikasketa unibertsitarioak egin ditzaten. Mugarik Gabe GKEak bultzatuta, Sopelako emakumea ari da lanean egitasmoan.
Gaiaren inguruko berriak:
Udan saharar umeak etxean hartzeko izen ematea zabalik dago Berangon (2005 Urt 07)