'Euskararen 7 bekatu nagusiak' ikusteko sarrerak gaurtik aurrera eskuragarri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 8a, 22:43

Korrika 14 badator, eta berarekin batera korrika kulturala. Beronen eskutik "Euskararen 7 bekatu nagusiak" antzerki obra helduko da Algortara. Antzezlana otsailaren 10ean, osteguna, eskainiko da, Getxo Antzokian, arratsaldeko zortzietan. Sarrera dohainik izango da ikusi nahi duen ororentzat. Sarrerok AEKko Uribe Kostako euskaltegietan (hilak 8tik aurrera) eta Kultur Etxean zein Getxo Antzokiko lehiatilan (obra hasi baino ordubete lehenagotik) jaso ahal izango dira.

AEK erakundeak 13. Korrikaren harira sortu zuen Korrika-AEK beka, euskarazko arte eszenikoei bultzada eman eta euskararen ikuspegi artistiko-kulturala aberaste aldera. Lehen deialdi hartan Eneko Olasagastik aurkeztutako "Metxa" proiektua izan zen sariduna. Bekari esker Euskal Herri osoko antzokitan taularatu ahal izan zuten Koldo Izagirreren "Metxa esaten dioten Agirretar baten ibili herrenak" eleberriaren egokitzapen eszenikoa, Korrika13ko programa kulturalaren baitan, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu eta gero.

Bekaren aurreneko ekitaldi harekin AEKk beka eratzeko izan zituen helburuak aski beteta ikusirik, ekimenari eustea eredietsi zuen. Aurten bada bigarren ekitaldia izan du Korrika-AEK bekak. Hamar egitasmo aurkeztu dira guztira, salbuespenak salbuespen bekaren oinarriek eskatzen dituzten kalitate artistikoa eta interes sozio-kulturala eurrez bermatzen zituztenak denak ere, epaimahaiaren aburuz. Azkenean, Aitzpea Goenagak idatzi eta POK produkzioak ekoizpen etxeak taxutu duen "Euskararen 7 bekatu nagusiak" izan zen saritua.

Antzezlanaren gaia

"Euskara ikasi, erabili, bizi eta hitz egiteko beharraren arrazoia edo zergaitia" da, Aitzpea Goenaga egilearen hitzetan, "Euskararen 7 bekatu nagusiak" obraren mamia. Goenagaren testuak, euskarak egunerokotasunean sortzen dituen hainbat egoera bitxiren- eta askotan larriren- isla egiten du, umorez, ironiaz, zorroztasunez jolastuz, baina euskararen inguruko arazoak mahai gainean jarri eta jorratuz, erantzunik eman gabe. Izan ere, ikusle bakoitzak bere ondorioak ateratzea da obraren helburua.

Horrela bada, egileak zazpi bekatu nagusiak (amorrua, lizunkeria, zuhurkeria, bekaizkeria, nagikeria, hantustea eta tripazainkeria) baliatu ditu, istorio banatan euskarara ekarrita. Beraz, hamarren bat minutuko zazpi esketxek osatzen dute ikuskaria.

Istorio batetik bestera saltoa egiteko, argi aldaketa eta musika trantsizioak erabiliko dituzte, baina horrekin batera grabazio bat proiektatuko da eszenatokian egongo den pantaila batean. Ikus-entzunezko horretan Donostiako ikastetxe bateko haurrak agertuko dira euskararen inguruko hainbat galderari erantzuten. Esan barik doa haurren naturaltasunak eta iritzi bitxiek piperra eta gatza erantsiko dizkiotela une batzutan parodiara era gerturatzen den antzezlan umoretsu eta zorrotzari.

Gaiaren inguruko berriak:

Getxo Antzokian ere antzeztuko dute 'Euskararen 7 bekatu nagusiak' (2005 Urt 22)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun