Batasunaren esanetan hizkuntza ereduen politika agortuta dago

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 9a, 18:33

Batasunak gaur goizean Donostian egin prentsaurrekoan deia egin die, euskal herritarrei eta eskolaratze adinean dituzten euskal herriko haurren gurasoei bereziki, euskarazko lerroetan matrikula ditzaten beraien haurrak, euskarari eta Euskal Herriari ekarpen zintzoa egin diezaioten. Gaurko prentsaurrekoan Eli Zubiagak eta Joseba Permach-ek euskararen berreskuratze prozesuan oztopo diren lehen aipatutako lege eta dekretu guztiak berrikustea eta guztien artean benetan euskaldunduko duen eskolarako hizkuntza politika berria finkatzea proposatu dute, honen bidean izugarrizko lana egin duten hezkuntza eragile eta herri ekimenekin elkarlanean.

Hizkuntza ereduen ezarpena, 1983ko elebitasun dekretuaren bidez arautu zen. 83ko euskararen legean derrigorrezko ikasketak amaitzerakoan ikasle guztiek "bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina" jakin behar duten bitartean, hizkuntza ereduen ezarpenak helburu hauek murriztu egiten ditu A eta B ereduei dagokionean:

A ereduak ez du euskalduntzen eta B ereduak ez du euskalduntzea bermatzen. Hezkuntza sailak azken 20 urte hauetan ezarritako hezkuntza politika honen ondorioz, 83ko dekretuan jarritako helburuak ere ez dituela bete esan beharra dago. Horregaitik esaten dugu hizkuntza ereduek porrot egin dutela.

Porrota

Zergaitik esaten dugu hizkuntza ereduek porrot egin dutela? Araba, Bizkaia eta gipuzkoako ikasle gehienek "derrigorrezko" ikasketak amaitzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutzarik ez dutelako eskuratu. Eta hau ez da guk soilik egiten dugun afirmazio bat, azken 20 urteetan egindako hainbat ikerketek horrela frogatzen dute.

Orain arte egindako ikerketek argi eta garbi frogatzen dute A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen eta soilik D ereduak eman dezakela euskara maila egokia. Beraz, argi dagoena da EAEko euskal herritarrei iruzurra egin zaiela Euskararen legean finkatzen dena ez delako betetzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei ez zaie bermatzen"euskara hitzez nahiz idatziz ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea".

Hezkuntza sailetik ere agertutako zenbait iritziek esan izan dute, A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen. Honek oraindik ere arrazoi gehiago ematen digu hizkuntza ereduek porrot gin dutela esateko, Hezkuntza sailak berak hainbat aldaketa aurkeztu baititu. Aldaketa hauek ez dute ezer konpontzen,

A ereduari beste irakasgai bat euskaraz ezartzeak ez du lortuko eredu honetan ikasleak euskalduntzea Berriro ere beste iruzur bat ezartzea besterik ez da. Eta ezarritako beste neurri edo aldaketak honen bidetik datoz. Partxeatzea besterik ez da.

Lapurdi Behe Nafarroan eta Zuberoan

Hiru herrialde hauetan euskarak ez du inolako ofizialtasunik eta hizkuntza politika estatu frantsesak zuzenean finkatzen du. Hiru herrialde hauetan Euskaraz ikasteko aukera bakarra Seaskako ikastoletan dago, eta estatu frantziarrak oztopoak besterik ez ditu ipintzen. Euskararen biziraupena kolokan.

Aztikerrek eginiko "hizkuntza ereduak euskal herrian, datu bilketa 2004" datu kezkagarri hauek ateratzen ditu:

Hiru ikasletik bi ez da euskaldunduko

89.666 Euskal ikaslek klase guztiak gaztelaniaz edo frantsesez jasotzen dituzte. (%20,7)

106.269 Euskal ikaslek klase guztiak gaztelaniaz edo frantsesez jasotzeaz gain, Euskara irakasgaia ematen dute, lau ordu astean (%24,6)

72.419 Euskal ikaslek hainbat klase gaztelaniaz etabeste hainbat Euskaraz jasotzen dituzte. (%16,7)

164.375 Euskal ikaslek klase guztiak Euskaraz jasotzen ditu, etagaztelania edo frantsesa irakasgaia jasotzen dute astean lau orduz (%38).

Laburbilduz:

-Gehienez ikasleriaren %38 euskaldunduko da.
-Ikasleriaren %62 ez da euskaldunduko.
-Euskaldunduko ez diren belaunaldiak aterako dira urtero eskoletatik.
-Hizkuntza eskubideak urratzen dira euskal herrian uneoro sistematikoki.
-Orain arte indarrean egon diren hizkuntza politikak agortuak daude.

Hizkuntza ereduen politika agortua dago. Eskolak euskararen normalkuntza prozesuan urrats berriak emango baditu, egun ezagutzen ditugun hizkuntza politikak gainditzea urgentziazkoa da.

Horregatik, euskararen berreskuratze prozesuan oztopo diren lehen aipatutako lege eta dekretu guztiak berrikustea proposatzen dugu eta guztion artean benetan euskaldunduko duen eskolarako hizkuntza politika berria finkatzea, honen bidean izugarrizko lana egin duten hezkuntza eragile eta herri ekimenekin elkarlanean.

Batasuna (Orain.infok jasota)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun