Presidentzia Arloko arduraduna den aldetik, Getxo Kirolak udal erakunde autonomoaren inguruan Getxoko PPk egindako adierazpenei erantzun nahi izan die, asteroko ohiko prentsaurrekoan, Imanol Landa zinegotziak. Izan ere, Euskara Zerbitzua eta Getxoko Udaleko erakunde ezberdinei buruzko arau-aldaketak aurrera eramaten dituen Barne Araubide Saila ere aurkitzen dira berak zuzentzen duen arloaren barruan.
Marisa Arrue popularren bozeramaileak egindako kritikekin "ez dator bat inondik inora" Landa eta euskarari dagokionez esandakoei erantzun nahi izan dio. "Getxo Kirolak" izendapena legegintzaldi planan udal gobernu batzordeak hartutako konpromisoaren islada da, bere hitzetan, euskararen normalizazio prozesuari bultzada emateko. "Aplikazio konkretua dauka horrek euskararen erabilerarako planan, udalbatzak onartua. Plan horrek normalizazio politikaren aplikaziorako ildo nagusiak jasotzen ditu, baita hizkuntza paisaia delako arloari buruz (seinaletika eta Getxoko Udalak bere arlo eta erakunde ezberdinei dagokienez onartutako izendapenak, hurrenez hurren), azaldu du.
Legezko erabakia
Lehenik eta behin, ustez euskararen normalizazioa zuzentzen duen arautegi orokorra urratzea egotzi digu udal gobernuari Arruek, "Udalak kaleratzen duen informazio guztia elebiduna izan behar dela" argudiatuz. Landak adierazi duenez, "inolako arautegi normatibo legalik ez da ezistitzen non udal mailako entitate administratibo baten izendapena halabeharrez euskaraz eta erderaz izan behar dela aipatzen denik". Presidentzia zinegotziaren hitzetan, "ongi baino hobeto" aukeratu daiteke euskarazko izena edota erderazkoa. "Beraz, inolako xedapen legalik (generikoa, sektoriala, partikularra...) urratzen ari ez garela argi eta garbi geratu dadila", nabarmendu du.
Herritarrei informazioa helarazteari dagokionez, elebitasuna da Getxoko Udalak jarraitzen duen irizpidea. Baina erderaren aldean euskara gutxiengoan dagoela ikusita, salbuespenak badaudela argitu du Landak, "normalizazio bidean pausu gehiago ematea eta gure hizkuntza positiboki diskriminatzea beharrezkoa ikusten delako". Hori bai, aipatu neurriak "guztiz legezkoak" direla nabarmendu du udal arduradunak.
Salbuespenak salbuespen
Arau orokor bezala, elebitasunetik abiatuz bi dira salbuespenak (hizkuntza paisaiari dagokionez). Lehendabizi, bi hizkuntzatan grafia oso antzekoa den terminoetan euskarari ematen zaio lehentasuna. Adibidez, "aeropuerto" eta "aeroportua" hitzen kasuan. "Horrelakoetan, komunikazio eta ulermen arazorik ez du sortzen euskarazko terminoa erabiltzea. Gainera, euskara paiasaian integratu eta eguneroko bizitzan presente izan dezagun ahalbidetzen du", Landaren iritziz.
Bigarren salbuespena orokorrean herritarren artean ezagunak diren terminoak dira. Hain zuzen ere, horrek ematen dio zilegitasuna "Getxo Kirolak" terminoa erabiltzeari Presidentzia arloko zinegotziaren hitzetan. "Kirolak hitza herritarren artean oso zabalduta dago, baita hedabideetan ere. Guztiz ezaguna da kirol instalazioak gehien erabiltzen dituen gizarte taldean, gazteak alegia, ez bakarrik adin tarte horretan daudelako udalerrian euskara gehien erabiltzen dutenak", azaldu du Landak. Gainera, grafikoki, kirol instalazio bakoitza ezagutzera ematerako orduan, horren izena ere jarriko dute erakundearen izendapenaren ostean: Getxo Kirolak-Andra Mari, Getxo Kirolak-Fadura eta Getxo Kirolak-Gobela, hortaz.
PPri kritikak
Zentzu horretan, bigarren salbuezpen hori "aipatu nahi ez izana" egotzi dio Getxoko PPko bozeramaileari. "Irizpide bakartzat hartu du elebitasuna eta terminoen arteko antzekotasuna udal gobernuaren erabakia kritikatzeko. Bigarren salbuespen hori ezistitzen da. Ondo baino hobeto azaldu nuen euskararen erabilerarako plana onartu zen osoko bilkuran eta Presidentzia Arloko batzar informatiboan, baita Jon Egiluz PPko zinegotziari ere, zinegotzi guztiei plana azaltzeko kultur etxean egin genuen sesio berezian", gaitzetsi du Landak.
Gaiaren inguruko berriak:
Getxo Kirolak udal erakundea "Instituto Municipal de Deportes" ere deitzea nahi du Getxoko PPk (2005 Ots 07)