Europako Itun Konstituzional honetan euskararen izaera ofizialik ez dela jasotzen ohartarazi du Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 9a, 21:47

Kontseiluak onartzen du Europar Konstituzioa beharrezkoa dela Europarentzat baina euskarari, beste hainbat europar hizkuntzari bezala, ez dio status ofizialik aitortzen Europako Itun Konstituzional honek. Gainera, euskararen garapenerako, testu horrek dituen gabeziak agerikoak dira. Behatokiak Itun Konstituzionalaz egindako azterketaren ondorioak berretsi ditu Kontseiluak. Joanmari Larrarte Kontseiluko lehendakariaren ustez "testu horrek hizkuntz aniztasuna mugatu egiten du Konstituzio hizkuntzak 21 direla esaten duenean". Argazkian, Joanmari Larrarte eta Xabier Mendiguren.

Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean hizkuntzaren aipamenik apenas jasotzen da. Larrarteren ustez "euskal herritarrok guk aukeratutako hizkuntza erabiltzeko duintasuna aitor diezaguten merezi dugu, horretarako askatasuna behar dugu eta Europako beste hizkuntza-komunitateekiko berdinak izan behar dugu hizkuntza hori erabiltzerakoan".

Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusiaren ustez "testu itxi baten aurrean gaude, ez dago aldaketak egiteko aukerarik". Konstituzio horrek euskararen normalizazioa lor dadin honako hau egin beharko luke gutxienez:

-Hizkuntz eskubideen kontzeptua jaso beharko luke.
-Europako hizkuntza komunitate guztiak aintzat hartu beharko lituzke, hori baita Europako aniztasuna bermatzeko bide bakarra.
-Euskarari status ofiziala eman beharko lioke.
-Euskal herritarrei Europako erakundeekiko harremanak euskaraz egiteko eskubidea aitortu beharko lieke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun