Gazteei zuzendutako asteburua prestatu du Kantuketanek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 10a, 14:06

Joan den igandeko Mundu odotik Euskal Herri osorako ikuskizun paregabearen ostean, berriro ere dira gure artean Kantuketan '05 jardunaldiak. Hain zuzen ere, otsailaren 11 eta 12rako, gazteei zuzendutako bi emanaldi antolatu ditu Getxo Udal Euskara Zerbitzuak. Ostiralean, Ohe handi bat showa eskainiko du Logela Multimedia kolektiboak, Algortako Getxo Antzokian, 20:00etatik aurrera. Larunbatean, berria, kontzertua emango dute, ordu beretik aurrera, Algortako Portu Zaharrean Sagarroi, Kerobia eta Kauta taldeek. Biak ikuskizunak izango dira dohainik. Erritmoa aldatuz, Imanol in memorian (Omenaldia Imanol kantautoreari) lanak emango dio amaiera aurtengo Kantuketani. Azken hau Algortako Getxo Antzokian ere izango da, igandeko 19:00etatik aurrera eta sarrera 6 eurotan egongo da (5 euro aurretik). Argazkian, Iñigo Muguruza (Sagarroi), Elena Coria Euskara eta Gazteria zinegotzia, Gorka Mendizabal (Kautako bateriajolea), Asier Ituarte (Sagarroiko tronboijolea) eta Ander Garaizabal (Logela Multimedia); emanaldien aurkezpenean.

Aurreko urteetan bezala, Kantuketan '05 jardunaldietan gazteei zuzendutako ekimenei lehentasuna eman nahi izan diote. "Horiek garrantzi handia dutelako euskara bera eta euskal musika biziberritzeko", Elena Coria Euskara eta Gazteria zinegotziak adierazitakoaren arabera. Ildo horretan, aurreko urtetan Portu Zaharreko agertokira ekarritako Su ta Gar eta Fermin Muguruza gogora ekarri ditu udal arduradunak. Horretaz gain, mestizai lanari eta Nafarroa eta Ipar Euskal Herriarekin elkarlana sustatzeari ere garrantzia eman nahi izan diote aurten.

"Ohe handi bat"

Gazteei zuzendutako ekitaldiei dagokionez, musika, dantza, arte plastikoak, antzerkia eta ikus-entzunezko sormena konbinatzen dituen Logela Multimedia kolektiboak ekoiztutako lana izango da lehendabizikoa. Ander Garaizabal taldeko kideak adierazitakoaren arabera, gazteentzako oso egokia da eurek prestatutako showa, "digitalizazioa antzerkira hurbiltzen duelako" eta aipatu teknologiak "ederki baino hobeto" ezagutzen dituzte neska-mutek.

Gainera, "multimedia" adjetiboa artearen disziplina ugari nahasten direlako jarri diote ikuskizunari, Garaizabalek argitu duenez. Besteak beste, hip hop-aren hiru disziplina hartzen ditu: break dance, grafiti eta hip hop musika bera, hurrenez hurren. Irudia ere garrantzi propioa du antzeztuko diren istorioei esker. Guztira, musikari bi, bideo-jockeia, break dantzaria, Iruñeako XL taldeko grafitigilea eta aktorea igoko dira agertokira.

Sagarroi + Kerobia + Kauta

Sagarroi taldeak reggae, ska, rock steadi eta balkaniar eta brasildar erritmoak ekarriko ditu guztion belarrietara. Hain zuzen ere, orain gutxi kaleratutako "Tolouse" diska berriak "mestizaiaren ikus" bilakatu nahi dute, Iñigo Muguruza abeslariak adierazitakoaren arabera.

Kauta taldeko Gorka Mendizabal bateriajoleak, berriz, "Izan zaitez zu" euren lehen diskak izan duen gorakadarekin pozik agertu zen kontzertuen aurkezpenean. Azkenik, Kerobiakoek ezin izan zuten aurkezpenean egon eguraldi arazoak zirela eta.

Gaiaren inguruko berriak:

Besteak beste Kepa Junkerak zabalduko du Kantuketan '05 (2005 Ots 04)

Imanol kantautorearen omenezko kontzertuak emango dio amaiera Kantuketan '05eri (2005 Urt 25)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun