Kritikaren arabera, "8 minututan ikusleak harritu, liraindu eta zirraratzen dituen filmea da, hori guztia zinemagintzazko tresnarik jatorrenak erabiliz". Finean, laburmetrai berezia da. Zuzendariak berak "antimusikal" hitza erabiltzen du hura definitzeko. Munduko herrialde askotan izan da zinta ikusgai eta, bereziki, gazteak izan dira lan hau gustokoen hartu dutenak. 30.000 euro inguruko kostua izan du eta bi egun ta erdian grabatu zuten.
Pozak zoratzen
Getxoztarra ere den Eduardo Carneros produktore exekutiboa "pozak zoratzen" dago filmea Oskar sarietarako hautagaien artean dagoelako, "izendapena bera saria da jada" dio. "Oskarra irabaztea oso zaila da, loteria da batik bat, zuk jasoko ez duzula uste duzulako. Hala ere, Xixongo Zinemaldia irabazi genuelako gaude gauden lekuan. Ordutik hona, galbahe guztiak igaro ditugu eta dagoeneko hori arrakasta itzela da", nabarmentzen du Carnerosek. Ibarretxe & Company enpresak ekoiztua izan da "7:35 de la mañana", Javier, Esteban, Jose Miguel eta Santiago Ibarretxe anaiek sortutakoa zeinean Eduardo Carneros bera bazkidea den.
Bien bitartean, lehendabiziko luzemetraia prestatzen ari da Nacho Vigalondo Euskal Herrian bizi den 27 urteko zuzendari kantabriarra. "Los cronocrimenes" filmea XXI. mendeko thriller orijinala eta berriztatzailea da, "ikusleak arnasik gabe uzteko pentsatua", bere hitzetan. Baliteke irailerako egotea.