Gertaeren kronika
Atzo, 22:00etan, Itzubaltzeta / Erromoko eta Areetako zortzi gazte kanpaldi bat hasi zuten 18/01 Jarrai-Haika-Segir sumarioaren kontrako mobilizazio astearen deialdiari erantzunez. Hogei gazte ibili ziren bost oihal dendak Getxoko Areeta herriko Geltoki Plazan (Xake plaza bezala ezagunagoa) antolatzen.
01:00etan, batzarra egin zuten gazteek eta kanpaldia asteburu osoan zehar egitea deliberatu zuten.
Gaur, 09:45ean, Espainiako Poliziaren helikoptero bat beren gainean izan dute hainbat minutuz kanpaldiko gazteek. Era berean, Ertzaintzako hiru auto hurbildu dira, geroago bertatik alde egin dutela. Une horretan, Plazaren aurrean zeuden udaltzainei ia helikopteroari buruz zer edo zer zekiten galdetu diete eta, gazteek azaldu dutenez, daukagun lehenengo berria zela eta horren gainean konpetentziarik ez dutela argitu dute Getxoko udaltzainek.
10:00etan, Ertzaintzaren kotxe bat sartu da plazan.
10:10ean, EAEko Poliziaren bost auto batu dira Geltoki Plazan eta bertatik 10 ertzain jeitsi dira, haietako zortzi enkaputxatuta. Gazteengana hurbildu dira eta kanpaldiko dendak kentzeko agindu diete. Ondoren, gazteak eta UKBERRI.NETeko kazetari bat identifikatu dituzte. Espainiako Poliziak aurretik bidalitako helikopteroa operatiboaren barruan zegoen galdetu dietenean, inguruetan hiru egun daramatzatela esan dute ertzainek. Jendea plazan batzen hasi da, batzuk jakinminez eta beste batzuk gazteekin elkartasunean.
10:25ean, Ertzaintzako kabo batek 15 eta 20 minutu arteko epea eman die gazteei kanping dendak batzeko. Gazteak kexaka hasi dira une horretara arte ertzainek erabilitako jokaera, espektakulua eman nahia eta egindako mehatxuengatik. Bere aldetik, oraindik kanpaldian zeuden gazteei kanpaldia egiteko guneetatik kanpo kanpatzea debekatuta dagoela, horretaz aparte ikerketa berezirik ez dagoela eta Hiritarrentzako Segurtasun Legea (Corcueraren legea) aplikatu baino ez dutela egin esan diete poliziek. Egon litezkeen kalteak Getxoko Udaleko Hirigintza Arloak ikertuko dituela gaineratu dute. Gazteek, berriz, beldurtarazpen eta bortizkeria erabili izana aurpegiratu diete poliziei. Salaketa horien aurrean, gauean desalojatzerik bazegoela eta guretzat askoz erosoagoa izango zela baina norbaitek utzi dizuela bertan egoten erantzun diete ertzainek.
10:30ean, gazteak dendak kentzen ari zirela, bertan izan diren hiritarrak Ertzaintzaren jarrera gaitzetsi dute eta horrelako ekintza baketsuak bakean uzteko eskatu diete poliziei. 25 bat auzokide zeuden une horretan, tartean Josu Iturburu Euskal Herritarrokeko zinegotzi ohia.
10:35ean, Getxoko udaletxetik norbaitek Neguriko Ertzain-etxearekin hitz egin duela badakitela, baina plaza husteko agindua Ertzain-etxeak inguruetako ohiko patruilariei eman diela diote bertan diren ertzainek.
10:40an, kanpaldiko gazteek Iñaki Urkiza Ezker Batua-Berdeakeko zinegotzia eta Christian Reinicke Euskal Herritarrokeko zinegotzi ohia eta Getxo Biziako kidearekin hitz egiten dute egoeran eskusartzeko. Bien ala bien konpromezua jaso dute. Urkizaren kasuan, Iñaki Zarraoa alkatearekin zuzenean berba egiteko konpromezua.
10:45ean, UKBERRI.NETeko argazkilaria identifikatu eta argazki kamara digitala miatu dute ertzainek. Poliziak kexaka hasi dira estaligabeko kideak argazkietan ea agertuko ziren. Ondoren, argazki makina bueltatu dute.
10:50ean, Kanpin-denda guztiak batuta, gazteei gauza guztiak eramateko agintzen diete ertzainek. Ondoren, kanpaldiaren inguruan dauden pankartak, panelak eta ikurrinak beraienak diren galdetu diete gazteei, tartean Segi eta Batasunak sinatutakoak. Gazteek ezetz esan dute.
10:55ean, ertzainak pankartak kentzen eta autoetan sartzen hasi dira.
11:00etan, eskura zeuden pankarta guztiak hartuta, eta ertzain batek ikurrina bat kendu ostean, ikurrinaren makila apurtu du. Tentsio handiko unea izan da eta hainbat gaztek eta auzokidek Ertzaintzaren jarrera gaitzetsi dute. Kabo batek tentsio jeitsi gurean gazteei nahi zuten guztia hartzeko esan diete eta hauek ikurrinak, presoen aldeko ikur bat eta hainbat panel eta pankarta jaso dituzte, guztiak sinadurarik gabeko amnistiaren aldeko eta gazteria mugimenduenak. Ertzainek Segi gazte erakunde ilegalizatuaren ikur bat eraman dute. Plazan Batasuna eta Segiko pankarta bana gelditu dira argietatik eskegita.
11:05ean, Plaza guztiz garbi utzi behar dugu eta deitu gaituen pertsonak hau (batutako koltxoi, aulki eta motxileei seinalatuz) hemen badago hau (kanpaldia) bost minutuetan berriro muntatuta egon daitekeela ulertzen du jakinarazi die kaboak gazteei. Baina, gazteek galdetu arren, ez du identifikatu ertzainak deitu dituena. Orduan, dena plazatik eramateko agindu diete gazteei eta hauek hori ez zela hasieran esandakoa erantzun dute. Orduan ertzainek metatutako gauzak zarama direla esan daiteke baloratu ostean, norbaitek dena kentzeko denbora utzi eta bertatik joango zirela esan dute. Dena den, guztia kentzeko, bestela bueltatu behar izango zirela esan diete gazteei.
11:10ean, ertzainak abiatu dira bertatik, Sheraton kafetegian bi auto gelditu direla, bertatik plaza kontrolatzeko.
11:15ean, gazteek asanblada egin dute eta herrian zehar giza-panel mugikorren bidezko protestaldia egitea erabaki dute. Era berean, 18/98+ ekimenak arratsaldeko 19:00etarako Getxoko udaletxearen aurrean deitutako kontzentrazioan agertzeko erabakia hartu dute.
Kanpaldiko komunikatua
Eskubide Zibil eta politikoen defentsan gazteria aurrera!
Zazpi urte joan dira Estatu espainiarrak euskal Herriaren aurkako beste pausu errepresibo bat eman eta hainbat erakunde eta komunikabideren aurkako erasoak hasi zituela (Egin, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Egunkaria...); ezaguna dugu Entzutegi Nazionalak irekita duen 18/98 makrosumarioa, guztia ETA da tesia orori aplikatuz. Horren barnean, 18/01 sumarioa Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen kontra egindakoa da, eta bertan 654 urteko espetxealdia eskatu dute 42 gazterentzat.
654 urteko espetxe zigorra ezarri nahi digute antolatu eta borrokatzeko eskubidea praktikara eramateagatik, Euskal Herriaren eta bertako gazteriaren eskubideen aldeko defentsan agertzeagatik. 654 urteko espetxe zigorra bizibaldintza duinen alde lan egiteagatik, espazio autogestionatuak defendatzeagatik, bizi-eredu askatzaileen alde jarduteagatik ejerzitoei intsumisioa eginagatik, kulturgile gazteen lana bultzatzeagatik... gazte ametsak bideratzeagatik! Euskal Herri osoaren aurkako eraso baten aurrean gaude beraz, eta horregatik guztioi dagokigu erantzutea, guztion artean kolpe faxista hau gelditu behar dugu.
Jo ta ke irabazi arte!
Itzubaltzetako Segi