Auschwitz ez dago hain urrun - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakasle

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 11a, 19:33

Auschwitz kontzentrazio-esparruaren aurkikuntzaren (edo “liberazioaren”) hirurogeigarren urteurrena dela eta, suntsitutako juduei eginiko omenaldiekin batera Israelek daraman politikari zuzendutako kritika gogorrak ere entzun izan dira: antzinako biktimak gaurko borreroak.

Baina egia esan, onartu behar dugu, zehazki, orduko biktimak ez direla gaurko borreroak, eta bai, ordea, gaurko borreroek barra-barra erabiltzen dituztela biktimak gaurko astakeriak justifikatzeko. Laburbilduz, hauxe da tesia: garai hartako –eta guztietako– juduak masakratuak izan dira Estatu propioa ez izateagatik, eta gaur egun edozein politika dago justifikatuta Estatu hori mantendu eta indartzeko.

Edozelan ere, Estatu horrek eraldaketa subjektibo garrantzitsua gauzatu behar izan du: Judu historikoaren irudia, ahula eta erasotua, alde batera utzi eta biolentzia erabiltzeko prest dagoen “judu gizon berria” sortu. Eta norberaren burua subjektutzat –eta ez biktimatzat– onartzeak errudun izatearen arriskua dakar, biktima-estatusak betirako errugabetasuna bermatzen duen bitartean. Alabaina, bestela ematen badu ere, ez dago kontraesan sakonik logika bi horien artean. Eta hori ez da berria. Hitlerrek berak nazioarteko juduen konspirazioari botatzen zizkion Alemaniaren ezbehar guztien errua, jada 1924an Mein Kampf idatzi zuenean. Gaur egun Bush-ek ere iraileko 11ko biktimak ditu bere politika inperialista gerrazalearen aitzakia ederra.

Estatu-politika baten azken muturra

Halaber, Estatu espainiarrak terrorismoaren biktimak euskal independentismoaren kontrako bidegabekeria eta erasorako mutur gisa erabiltzen ditu. Funtsean, ez dugu ahaztu behar Jean-Luc Nancy filosofoak dioskuna: “le monde qui a fait Auschwitz est toujours notre monde”. (Auschwitz egin duen mundua gure mundua da oraindik). Kontuan izan Auschwitz estatu-politika baten azken muturreko emaitza dela. Estatu batek pentsatu, planifikatu eta zehaztasun handiz gauzatutako politika. Eta bakarrik klabe horretan pentsatuz gero ulertuko dugu gertaturikoa ez dela horren “pentsaezina”.

Bestalde, norbaitek jazotakoaren nolabaiteko “egia” kriminal haien ahotik aterako dela uste badu, jai dauka. Leon Goldensohn-ek atera berri duen The Nuremberg interviews (Taurus-en gaztelaniaz) liburuak ezin hobeto erakusten digu politika haren erantzule nagusiek ezjakintasun interesatuz eta zinismoz ehundutako gortina baten atzean ezkutatzen zutela euren erantzukizuna.

Horregatik guztiagatik oso kezkagarriak dira Francis Fukuyama, Historiaren amaieraren teoriko neokontserbatzailearen, azken liburuaren tesiak. Gaur egungo munduko egoera “oso arriskutsutzat” daukala, Estatu ahul eta huts egindakoei leporatzen die errua. Proposatzen duen irtenbidea? Estatu gero eta indartsuagoak eraikitzea. Auschwitz sortu zuen logikan tematzea, alegia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun