Ehun pertsona abiatu dira Getxotik ARCO arte azokara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 11a, 20:06

Dagoeneko Madrilera bidean dira Arte Garaikideko Nazioarteko Feriara (ARCO) abiatu diren lagunak. Enrique Bosque Getxoko Kultur Etxeko teknikariak UKBERRIri jakinarazi dionez, zehazki ehun pertsona hartu dute gaur, 16:00etan autobusa, "ez 99, ezta 101 ere". "Aurreko urtetan bezala, erantzuna ona izan da. Urtero betetzen ditugu bi autobus", adierazi du. Halaber, asteazkenean azoka parean ETAk eztandarazi zuen bonba-autoak "inor ere atzera ez du bota" Bosquek aipatu duenez. Izan ere, orain sei egun jada izena emanda zuten gaur abiatu direnek.

"Nahiz eta Gabon eta Inauterien ostean, jendeari bidai batean murgiltzea gogorra egin", izen emateko epea hasi eta berehala bete dira bi autobusak (110 leku zeuden guztira), Enrique Bosquek adierazi duenez. Getxoko Kultur Etxeko teknikariaren esanetan, urtetik urtera apuntatzen den talde finkoa dago. Gehienak, Arte Ederretako ikasleak eta arte eskoletan dabilen edadeko jendea dira. Azken sortze-lan eta joerak ezagutzeko parada izango dute ARCOn arte garaikidea maite duten horiek, igandea bitartean, otsailaren 13an bueltatuko baitira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun