Euskal Herritar asko aspaldi gabiltza etorkizuna antolatu nahian, bere eraikuntza era baketsuan antolatu nahian. Otsoaren gordelekutik, ordea, bortxakeriaren hizkuntza baino ez da ezagutzen; herri hau bortxakeriaz eta ankerkeriaz tratatzen dute, eta horrela daude gauzak: Egunero  hamaika langile, hamaika euskaltzale, hamaika euskal herritar borondate oneko gobernu horrek bidaltzen dituen pizti amorratu batzuen eskuetan jausten da, bere tortura ziegetara eramaten dituztelarik (izuen gordelekuetara). Bitartean guk, koitxaduok, zerbait aldatzen ari dela sinestu behar?. Zein lurraldetan?. Noren etxetan?. Noren irudimenetan?.
Egoera horri aurre egiteko ardi matxinatua sortu zen aspaldian; bere ekintzak direla medio hainbat lege egin dira, hainbat lerro idatzi dira, eta gehienak berak erabiltzen duen bortizkeriaren kontra. Badira urteak hango eta hemengo askok ardi matxinatuari bakea eskatzen dabilzkiola; bitartean ardi matxinatua jokabideak samurtuz doa, baina  otsoa eta bere kumeen amorrazioa gora doala esango nuke. Euskal Herritar asko gatazkaren berehalako konponbidea aldarrikatzen ari gara, eta horretarako bortxakeriarik gabeko eszenatokia beharrezkoa dela ikusten dugu. Alabaina otso amorratuak inoiz ahalbideratuko ote du horrelakorik?. Jarrera aldatzeko asmorik ote du?.
Bakea gura dugu alde guztietatik
Alde batean otsoa eta bere kumeak ditugu inoizko ankerren jokatzen ari direla, eta beste aldean ardi matxinatua bere jokabideak samurtuz, baina bere presentzia agerian utziz. Bakea gura dugu alde guztietatik, bai, baina zelan eskatu ardi matxinatuari jarrera aldatzeko Euskal Herrian otsoaren jarrera bortitza  dirauela?. Are gehiago, otsoaren jarrera bortitza oraindik dirauela, ez ote dugu sarri ardi matxinatuaren indarra behar izan eta oraindik ere behar izango?. Gizartearen aurrean ezetz esaten dute hainbatek eta beste batzuok hala sinestu gura genuke, baina otsoaren jarrera ankerrak bestelakoa erakusten digu uneoro. Hori bilatzen  dutela ematen du, behintzat. Horra hor hainbestetan aipatzen diren kaptazio sareak nork sortzen dituen!.
Espainiako gobernuaren baitan jarrera aldaketa ez dakit, baina gobernu aldaketa bat egon dena badakigu: Otsoaren ordez beste otso bat jarri zaigu, baina oraingoan ardi larruz jantzita. Itxura horretan  baten batek jarrera aldaketa bat soma lezake, eta baliteke inork ere otso horrek lehengo otsoaren kontra egingo duela pentsatzea,  baina esaerak dioen legez otsoak ez du otsokirik jaten.
            
            
        
        
            
Azken hilabete hauetan, sarri entzuten dugu bai kalean bai komunikabideetan otsoaren gordelekuan jarrera aldaketa bat somatzen ari dela, hau da, Espainian gobernua aldatu denetik gobernarien jarrera aldaketa bat somatzen dela. Errealitatea, ostera, bestelakoa da, otsoa eta bere otsokumeek harrapaketa bortitz eta ankerrak egiten jarraitzen dutelako hala Espainian nola Frantzian. Hortxe ditugu adibide moduan azken harrapaketak, otsoak harrapatutako azken lagun batzuen izenak lekuko: Ibon Arbulu, Pagoa Zulueta, Juan Jose Agirre eta beste askorenak, zerrenda luze samarra egingo luketena. Eta horri Jarrai-Haika-Segi taldeetako 39 laguni egindako epaiketa (edo antzezpena esango nuke nik, otsoak jende hori aspaldi epaitu duelako) gehitu behar zaio.