Biziguneko autobusa Areetan izan ostean Leioan izango da astelehenean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 12a, 23:07

Alokairuan jartzeko etxebizitza hutsen bila abiatu den Bizigune programaren autobusa gaur goizean izan da Areetako Xake plazan. Bertan, Biziguneko teknikariek zazpi etxebizitza huts berri lortu dituzte Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren programarentzat. Horiekin ia 60 etxebizitza dira "premia dutenen eskura jartzeko" Getxoko udalerrian lortutakoak. Haietatik, 36 banatuta zeuden iragan den urtarrilaren 31an, Getxoko Udalak jakinarazi zuenez. Gutxi, konparatzen bada programa horretan etxebizitzaren bat merke alokatzeko izena eman duten 2.600 getxoztarrekin. Izan ere, Biziguneko teknikariek UKBERRIri aitortu diotenez, "maiatzetik iraila-urrira arte nahiko geldituta egon da" programa. Astelehenean, autobusa Leioan izango da Bizigunek alokairuan eskaintzen dituen etxebizitzen kopurua handitzeko asmoz.

Euskal Autonomi Erkidegoan martxan dagoen Bizigune ekimenaren webguneko azken datuen arabera, 2004ko maiatzaren 31an, programak 326 etxebizitza huts zituen alokatzeko. Etxebizitza horietatik gehienak, 275, Bizkaian zeuden eskuragai. Uribe Kostan alokairuan zeuden pisuak 18 ziren: 8 Getxon, 5 Erandion, 3 Leioan eta 2 Sopelan. Bilbon 116 etxebizitza huts zeuden alokatzeke, Ezkerraldean 67 eta Bizkaiko beste eskualdeetan 74.

Bizigune geldituta

Hortik aurrera, "iraila-urrira arte nahiko geldituta egon da" Bizigune etxebizitza huts biltzeko ekimena. Izan ere, Biziguneko autobuseko teknikariek aitortu bezala, "telefonoa hainbat hilabetetan ez dute atenditu" eta horrek sortutako kexak haiek jaso behar izan dituzte hilabeteak geroago. Ekimena biziberritu izana hauteskunde giroarekin lotuta egon daitekeen ez dute argitu nahi izan teknikariek: "izan daiteke, ez dakit".

Bestalde, urtarrilaren 18an abiatutako autobusak ehun bat etxebizitza baino gutxiago erakarri ditu, horietatik gehienak Bizkaian. Hainbat herritan etxebizitza bat ere ez dute hitzartu. Uribe Kostan Areeta, gaur, eta Leioa, astelehenean, dira hitzordu bakarrak.

Mesfidantza

Urtarrilaren 18an Gasteizen eman zion hasiera kanpainari Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak, Bizigunek aurretik lotuta zeuzkan 2.000 etxebizitzak ugaltzeko. Emaitzak ahalik eta hoberenak izateko 190.000 esku-orri inprimatu ziren eta autobusa 25 herrietatik ibiliko zen. Guztira, 260.000 euroko aurrekontua inbertitu egin da, baina "jende asko igotzen da autobusera eta informatzen dugu, baina gero ez ditu bere datuak eman nahi" aitortu dute teknikariek, herri txikietan mesfidantza handiago dela azpimarratuz. Hasieran astelehenean amaitu behar bazen Bizigune-busaren bidaia, asteartean ere arituko da, Bilbon.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun