Euskara elkarteetan parte hartzeko kanpaina abiatu dute hamairu taldek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 14a, 20:08

Axola (Abanto), Barriketan (Elorrio), Berbaizu (Deustua), Bierrik (Sakana), Bizarra Lepoan (Getxo), Dobera (Hernani), Euskal Birusa (Ermua), Geu (Gasteiz), Irun Iruten (Irun), Karrikaluze (Atarrabia), Noaua! (Usurbil), Pilpilean (Soraluze), eta Zorrizketan (Lezama) euskara elkarteek bazkide egiteko gonbitea egin dute. Estitxu Fernandez telebistako aurkezleak eta Kirmen Uribe idazleak babestu dute kanpaina hori. “Zein da hizkuntza eta zapaten arteko ezberdintasuna?” izenburupean hizkuntzaren erabileraren garrantzia azpimarratu dute elkarteek. Erantzuna: “Zapatak erabiliaz gastatu egiten dira eta hizkuntza erabiliaz aberastu egiten da!”. Euskara Elkarteen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da eta, horretarako, hainbat jarduera prestatzen dute.

Estitxu Fernandez eta Kirmen Uribe dira kanpaina honetako jendaurreko bultzatzaileak. Biek ala biek eguneroko bizitzan euren herriko euskara elkarteak duen eragina aipatu zuten. Fernandezek, alde batetik, Baztan eta Bidasoa eskualde osoan ikusten den Ttipi-Ttapa telebistan hasi zuen lanbide karrera oparoa. Uriberi, bestetik, Geu euskara elkarteak Gasteizen euskaraz bizitzeko eremua eman zion.

Euskal Herrian 9.000 lagun euskara elkarteetan

Guztira, Euskal Herrian 9.000tik gora lagun dabiltza euskara elkarteen jarduera sustatzen. Herritarrentzako bilgune eta zerbitzuak eskaini, euskarazko jarduerak antolatu eta, azken batean, hizkuntzari gero eta leku handiagoa ematea lortu dute. Lagunarteko giroan, kolore eta pentsamolde askotako jendea elkartzen asmatu dute euskara elkarteek. Euskararen erabilerak baino ez duelako hizkuntzaren beraren biziraupena bermatzen, euskara elkarteei babesa ematea guztiz funtsezkoa suertatzen da.

Gaur egun, euskara elkarteek zenbait arlotara zabaldu dituzte euren zerbitzu eta jarduerak. Haur eta gazteak, kultura, hedabideak etab. Herrietan duten presentzia gero eta nabarmenagoa da eta euskararen erabileran duten eragina ere. Horregatik, herriko euskara elkarteetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi izan dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun