Internet&Euskadi elkarteak on line jarri ditu EGA lortzeko gainditu behar diren atariko frogak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 15a, 13:02

Internet&Euskadi elkarteak Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko gainditu behar diren atariko frogak http://www.interneteuskadi.org/euskara/ega helbidean jarri ditu. Guztira zazpi urteko azterketak kontsultatu daitezke aipatu webgunean, urte bakoitzeko bi edo hiru froga, alegia. Internet&Euskadi elkarteak garatutako aplikazioak galderen erantzun zuzenak zein diren jakitea ahalbidetzen du eta azterketetan jarri ohi diren zenbait audio zati ere entzun daitezke. Horrek EGA azterketa gainditu nahi duten guztientzat oso tresna erakargarria bihurtzen du, ikasketa prozesuan oso lagungarria izan baitaiteke, esan dute Internet&Euskadi elkartetik.

Aplikazioa XML eta HTML formatu irekiak erabiliz programatuta dago eta edozein nabigatzailetan ikus daiteke. Hala, javascript-a aktibaturik izanik aipaturiko atariko frogak egin daitezke, inolako programa berezi instalatu beharrik izan gabe. Bestalde, ariketa bakoitzak ez du 100 Kb baino gehiago betetzen.

CDa osatuko dute

Internet&Euskadi elkartea proiektu honi jarraipena emango dion beste hainbat lan egiten ari da eta beste zenbait egitea ere aurreikusten du. Esaterako, 2003ko eta 2004ko testak sartzen ari da eta material horrekin CD bat osatu nahi du; proiektu horri ahalik eta zabalkunde handiena eman nahi dio.

Idatzizko azterketak ere gehitu nahi ditu eta falta diren audio pistak bilatu eta MP3 formatura pasatzea aurreikusten du. Lan horiek guztiak ahalbidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak EGA azterketak erabiltzeko eskubidea eman dio elkarteari.

Aplikazioa doan erabil daiteke aipatu webgunean. Proiektu honek Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du. Fidenet enpresak proiektuaren zati bat egin du baina lanaren zati handiena boluntarioek egin dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun