Zer dela eta, LABek aurrematrikulazioa garaian kanpaina abiaraztea? Betidanik, aurrematrikulazio garaietan D ereduaren aldeko kanpainak Hezkuntzako eragile ezberdinek egin izan dituzte, orain urte asko EKBk, eta azken urteotan eragile ezberdinek era bateratuan. Aurtengoan, era bateratuan kanpaina lantzeko asmorik ez zegoenez, LABek bere aldetik eragitea ebatzi du, egun ere, horrelako kanpainek bere emaitzek izaten dituztelako, eta euskalduntze prozesuak aurrera jarraitzeko erlajazioan ezin gaitezkeelako erori. Mezua, laburra bezain adierazgarria da: "Euskal Herrian zaude, izan euskaldun. Matrikula nazazu D ereduan".
Egun dugun aukerarik onena
Kanpainan zehar erabiliko ditugun txartel eta diptikoen bidez euskara Euskal Herriko hizkuntza dela, eta dagoeneko berau berreskuratzeko lan handia egin dela adierazi nahi dugu. Baina horrekin batera birgogoratu nahi dugu, euskara ez dela hizkuntza ofiziala Euskal Herri osoan, bere bizi iraupena kolokan dagoela, Euskal Herriko eskoletan erabiltzen diren hizkuntza eredu askok A,B,X,G ez dutela euskararen ezagupena bermatzen, ez dutela euskalduntzen, eta eredu hauetan hizkuntza eskubide kolektibo eta indibidualak urratzen direla.
Horren guztiaren aurrean, eta egun D eredua dugun aukerarik onena izanik, LABek Euskal Herriko gurasoak, haien jatorrizko hizkuntza edozein delarik, seme-alabak D ereduan matrikula ditzaten animatzen ditu:
- D ereduan soilik menperatu daitezkeelako bi hizkuntzak modu orekatuan.
- Haur batek bi hizkuntza ikas ditzakeelako arazo gehigarririk gabe, ikasketak modu naturalean ikasten baitira.
- Euskararen bidez egindako irakaskuntzak beste hizkuntzak garatzen laguntzen duelako.
- Euskal jendartean eta lan munduan integratzen laguntzen duelako.
- Kulturaren alor guztiak ezagutu eta bereganatu ahal izateko.
- Gainontzeko ikasleen aukera beraz izateko eta bere eskubideen bermea lortzeko.
- Denon elkarbizitzarako eta onura pertsonalerako.
Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB)