Azkenik, pentsatzen dugu badela ordua hiritartasun kontzeptuaren berplanteatze bat burutzeko. Eredu androzentriko eta eurozentristarekin apurtu eta demokraziaren ikuspegi berri bat barneratzen duen hiritartasun berri bat. Ekoizpen eta erreprodukzio lanak maila berdinean barneratu eta emakume eta gizon izateko era desberdinak kontuan hartzen dituen hiritartasuna.
Irakurri agiri osoa:
Europako Konstituzioaren manifiestua
Emakume Martxa 2005
http://emakumemartxa.org
Gu, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun emakumeok, Itun Konstituzional berriak gure bizitzetan izango duen eragina eta garrantziaz oharturik, beroni buruzko gure iritzi kritikoa kaleratu nahi dugu. Lehenik eta behin, herritarrak albo batera utziz egin delako. Beste behin ere, erabaki politiko funtsezkoetan emakumeen eta beste herritar guztien ahotsa ez da present egon. Bigarren, esaten denagatik: parekidetasuna, laikotasuna, diskriminazio eza edota oinarrizko eskubideak ez ditu bermatzen. Eta emakumeak ez izendatzeaz gain, herrien autodeterminazio eskubidea ez du aintzat hartzen, ezta gerraren arbuiatze esplizitua burutu ere. Hirugarrenik, esaten duenagatik: eredu ekonomiko neoliberala, familia eredu tradizionala eta "Europa gotorlekuaren" politika inposatzen ditu.