Martxoaren 3ra arte ez du eraginik izango eskualdean Osakidetzan deitutako grebak

Erabiltzailearen aurpegia
ELA, Erizaintzako Sindikatua (SATSE) eta Euskadiko Sindikatu Medikoa (SME) langile erakundeek bihar egingo dute "lau urte negoziaziorik gabe eman ostean, hitzarmen duin bat" exijitzeko Osakidetzan deituta dauden zazpi greba-egunetako lehenengoa, sindikatuetako iturriek jakinarazi diotenez. Hala ere, Uribe Kostan martxoaren 3ra arte ez du eraginik izango, mobilizaziora deitutako bigarren egunean alegia. Ostegun horretan, Gorlizko erietxeko eta eskualdeko gainontzeko osasun zentroetako langileek egingo dituzte lanuzteak. (Argazkian, Gorlizko ospitala)
Biharko greba 24 ordukoa izango da eta Galdakaoko Ospitalean, Zaldibarkoan, Bermeokoan, Barruko Eskualdean (Aiala, Landako-Iurreta, Kareaga-San Miguel) eta Odol Bankuan (Basurto) izango du eragina.

Bigarren greba-eguna otsailaren 24an izango da, Zumarraga, Mendaro eta Arrasateko ospitaletan eta Gipuzkoako Mendebaldea Eskualdean; martxoaren 3an, Gurutzeta, San Eloy eta Gorlizko erietxe eta Uribe Kosta eta Ezkerraldeko langileek egingo dute greba.

Halaber, Donostia eta Bidasoa ospitaletako eta Gipuzkoako Ekialdeko eskualdeko langileek martxoaren 10ean egingo dute 24 orduko lanuztea; martxoaren 15an, aldiz, Basurto, Santa Marina eta Zamudioko ospitaletan eta Bilboko Eskualdean izango da greba.

Txagorritxu, Las Nieves, Santiago, Osakidetzako Antolakuntza Nagusia, Leza, Arabako Eskualdea eta Eskualdeko Bankua gehituko dira grebara martxoaren 17an. Azkenik, sindikatuek greba orokorra deitu dute sektore osoan apirilaren 22an, antolaturiko greben egutegia modu horretan bukatuz.

Eskaerak

ELA, SATSE eta SME sindikatuek zera eskatzen dute, besteak beste: soldaten zerrenda antolatzea lanpostuaren osagarri zehatzaren arabera eta lanpostu funtzionalak balioztatzea. Ordainsariaren galerarik gabe 55 urteetik gorako langileen lan-jardunaldia murriztea eta ordezkapen-kontratua dira beste eskaera batzuk.

Gainera, erosteko ahalmenaren galera berreskuratzea, laneko behin-behinekotasuna eta finkoen eta aldi baterako langileen antzinakotasuna jorratzea, guardien berrikuspena, karrera profesional eta duin baten beharra, osagarri zehatz esklusiboa, Lehenengo Arretako lanaren baldintzen hobekuntza, trebatzen ari diren langileen lan-baldintzen berrikuspena eta euskalduntzea soldatarik galdu gabe dira beste eskaera batzuk.

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun