Baiezkoaren aldeko ekitaldi politikoa egingo du bihar Leioan EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 16a, 22:26

Otsailaren 20an egingo diren hauteskundeetarako, Europako Itun Konstituzionalaren aldeko botua eskatzeko, ekitaldi politikoa egingo du bihar, 19:30etik aurrera, Leioako Kultur Aretoan, EAJk. Besteak beste, CiU alderdi kataluinarreko Josep Antoni Duran i Lleida izango du lagun Josu Jon Imaz alderdi jeltzaleko presidenteak. Imazen hitzetan, "Europa honek herriek botere gehiago eduki dezaten ahalbideratuko du".

"Autogobernua estatu kidearen barnean lortu behar da eta Europa honek herriek, estatu gabeko nazioek edo eskumen legegileak dituzten eskualdeek botere gehiago eduki dezaten ahalbideratuko du" adierazi zuen etzo Josu Jon Imaz EAJko EBBren presidenteak TVE1ean.

Azaldutakoaren arabera, "EAJn beti izan gara europazaleak eta mugarik gabeko Europa bateratuan sinistu izan dugu beti. Europan gaur egun bake, batasun politiko eta egonkortasun egoera bizi dugu. Egoera honetara heltzeko pauso txiki asko eman behar izan dira; Romako Ituna, Niza, Maastrich, Amsterdam eta orain Europako Itun Konstituzionala. Horregatik uste dugu orain ere norabide zuzenean doan pauso txiki baten aurrean gaudela".

Estatutu Politiko Berria

Estatutu Politiko Berriaren egitasmoari buruz EBBren lehendakariak hurrengoa adierazi du "gu Estatutu Politiko Berriaren alde egin dugu autogobernuak hiritarrei ongizatea eragin diela sinetsita gaudelako eta hau Europako Itun Konstituzionalarekin guztiz bateragarria da. Izan ere, Estatutu Politiko Berriaren egitasmoak ez du apurketa bilatzen, ezta independentzia ere. Estatutu Politiko Berriaren proposamenak euskal erakundeentzako eta euskal gizartearentzako autogobernu gehiago bilatzen du, beti ere, espainiar estatuaren barnean".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun