Euskaldunok, gormutu - Unai Brea / kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 17a, 11:12

Ez da gai honetaz dihardudan lehenengo biderra, eta beharbada akabukoa ere ez. Zuek aspertzeko arriskuari aurre egingo diot hala ere, neure burua behartuta igartzen dudalako. Eguneko ordu gehienetan, euskarazko telebista-kate bakarra daukagu erdarazko lauren aurrean (ordainpekoak, satelitezkoak eta enparauak kontuan hartu barik); askotan, ordea, erdarazko bost kate daukagu eta euskarazko bakar bat bera ere.

Azken adibide argia Ibarretxerena deritzon plan horren gainean Espainiko Parlamentuan egindako saioaren kontura etorri zaigu. Hantxe izan zen ETB noski –bera da zorioneko planaren zabalkunderako zutabe nagusia, Teleberritik hasi eta Vaya Semanitaraino-, hainbat orduz parlamentarien eztabaida antzua gure etxeetara ekarriz. Gaztelaniaz berba egiten zuten parlamentariek, eta gaztelania gordinean ailegarazi ziguten euren jarduna guri. ETB-1ek ez dauka modurik, pantailaren txoko batean gormutuentzako itzultzailea paratu zuten modu berean, hitzok euskarara itzultzeko? Beharbada ez. Ondo ba. Orduan ez dezatela erdarazko saiorik euskarazko katean eman. Edo ez daukagu nahikoa Goenkalen gero eta pertsonaia gehiagok gero eta esaldi gehiago erdaraz esateaz?

(Bide batez: nik atzerriko hizkuntzetan ikasi ditudan lehenengo gauzak eskerrik asko, mesedez, eta halakoak izan dira… Goenkaleko `erdaldunek´ erdaraz gehien esaten dituztenak, hain zuzen. Euskara oraindik ondo menperatzen ez duten atzerritarrak direla adierazi gura bada, zelan da posible etengabe por favor eta qué tal estás esaten ibiltzea eta horren ostean ez nuke sekulan pentsatuko Maria Luisa horren emakume ankerra denik bezalako esaldiak euskara jatorrean botatzea?).

Gormutuek euskaldunek baino eskubide gehiago daukate, antza. “Tira, Unai, gormutuen arazoa latza da gero, ez horrelako astakeriarik esan”. Egia da, gormutuek itzultzaileen laguntza beste bitartekorik ez daukate telebistan esandakoak ulertzeko. Euskaldunok… badakizue: Total, todos sabemos castellano. Kontuak kontu, ETBk lekuren bat behar zuen bere lehendakari maitearen agerpena euskal herritarroi erakusteko, baina ETB-2ko ikusleen saio kutunak kendu barik. Horretarako euskarazko programazioa desagertarazi behar dela tarte batez? Ba desagertarazi eta kitto. Ez da lehenengo biderra, eta beharbada akabukoa ere ez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun