Datorren asteburuan izango da 'Zentzumenak itzartzea' ikuskizuna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 17a, 19:34

Nahiz eta hainbat hedabidetan, Berria eta Deia kasu, ostiral eta larunbat honetan izango dela aipatu, datorren asteburuan eskainiko da "Zentzumenak itzartzea" dantza emanaldia, Kultur Leioa aretoan; otsailaren 26an eta 27an hain zuzen ere. Bertan ezintasun fisiko, psikiko edota sentsorialen bat duten18 eta 36 urte bitarteko hemeretzi gazte dira protagonistak. 75 minutuko ikuskizunean dantza garaikideak, musika eta gorputz-espresioak uztartzen dituzten aukera komunikatibo eta terapeutikoak jorratzen dira. Bi saioak, 20:30ean izango dira aipatu larunbat eta igandean. Sarrera, berriz, 5 eurotan egongo da 13 urtetik beherakoentzat, eta 10 eurotan gainontzekoentzat. Bildutako dirua Down sindromea duten pertsonentzat bideratuko da.

Karmelo Sainz de la Maza Leioako alkateak herenegun egindako aurkezpenean azaldu zuenez, "egitasmoa ezintasun fisiko, psikiko edota sentsorialen bat duten pertsonen bizitza-kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz sortu zen, horrela, pertsona horien gizarteratzea bultzatuz".

Iritzi berekoa da Sarah Ramirez ikuskizuneko zuzendaria. Madrileko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskolan eta Donostiako Dantza Kontserbatorioan titulatua da. "Dantza, sentimendu eta gaitasunen bitartez, zentzumenak lantzen ditugu ezinduen bizitza-kalitatea honbetzeko asmoz", azaldu zuen Ramirezek. Horretaz gain, "antzezpenaren bitartez, motibazio handia hartzen dute". Berak "psikoballet" deritzon metodoa erabiltzen du, Madrileko eskolan zegoenean Maite Leonen eskutik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun