Guztira, ordu bat eta laurdeneko emanaldia izango da. Iñaki Beraetxek eta Iñigo Kintanak zuzendutako "Ostertz" (15´), Safy Nebbouren "Lepokoa" (23´), Angel Aldarondoren "Amnesiak" (6´), Ane Muñoz Mitxelenaren "El salto de Beamon" (15´) eta Koldo Almandozen "Amuak" (9´) dira proiektatuko diren iraupen laburreko filmak.
Filmak proiektatu eta gero, emanaldi gehienetan zuzendari bat egongo da, ikuslee galderak eta euren iritziak konpartitzeko. Horrela, zinegile eta ikusleek elkar ezagutzeko aukera izango dute. Aldi berean, euskara elkarteek herrietako eskaintza kulturala aberastuz, hizkuntzaren erabileran eragingo dute.
Oso harrera ona
Ane Muñoz Mitxelena zine zuzendariak euskal lanak zabaltzeko bide egokia deritzo film laburren zirkuituari. "Jaialdietatik kanpo, inolako lehiakortasunik gabe, gure filmak konpartitu eta ezagutzera ematen ditugu". Alde horretatik, iazko esperientzia "guztiz positiboa" izan zela azaldu du. Iazkoan ere, Ane Muñozen "Basurdea" lana zabaldu zen, besteak beste, eta zinegileak zabalkundea bera goraipatu du. Bere ustez, "ikusle berriak bilatu eta mota zein adin guztietako publikora heltzeko bidea" da zirkuitua.
Film laburren zirkuituak 23 emanaldi izan zituen iaz eta guztira, 1.200 ikusle erakarri zituen. Aurtengoak 24 proiekzio egingo ditu eta iazko ikusle kopuru horri eustea da helburua.