Bizkaitik kanpo dauden presoen senideen bisitetarako laguntzak arautu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 17a, 21:32

Bizkaitik kanpoko kartzeletan, zigorra betetzen ari diren edo behin behineko espetxealdian dauden getxoztarren familiarrek 2004an egindako bisitaldietarako dirulaguntzak arautzen dituzten baldintzak onartu berri ditu Udalak. Orain arte indarrean zegoen alkatetza-dekretua ordezkatuko dute horiek. Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldutakoaren arabera, tokiko erakundeak "bisitek suposatzen duen gastuak arindu nahi dizkie familiarrei, eurek ez dutelako zertan zigorra sufritu beharrik". Presoak urruntzearen aurka ere agertu da udal ordezkaria. Bere hitzetan, “jada askatasuna kentzea zigorra bada. Presoa famili-ingurutik urruntzea horren bergizarteratzeko kaltegarria baino ez da". Orotara, 24.041 euroko diru kopurua ezarri dute dirulaguntzetarako.

Getxoko Udalak emandako datuen arabera, une honetan udalerrian erroldatutako 14 preso daude espainiar espetxeetan. Hain zuzen ere, dirulaguntzak eskatu ahal izateko presoak ez ezik, eskatzen duen familiarrak ere egon behar du Getxon erroldatuta. Baita iaz egindako bisitak egiaztatu ahal izateko presondegiak ematen dituen agiriak aurkeztu ere. Preso bakoitzeko senide bati baino ez diote emango dirulaguntza, 2004ean egindako 12 bisitaldiengatik gehien jota.

Urruntasunaren arabera

Halaber, urruntasunaren arabera zehaztuko da jaso beharreko diru kopurua. Hori neurtzeko bost multzo egin dituzte. Lehenengoan Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroa, Burgos eta Kantabrian dauden presoak sartzen dira, hurbilen daudenak alegia. Horien senideei 30 euro emango dizkiete bisita bakoitzeko. Urrunen daudenen presoen familiarrei, berriz, 500 euro egokituko zaizkie bisitako. Kanariar Uharteak, Balear Uharteak, Ceuta, Melilla, Frantzia eta beste herrialdeetako espetxean sartzen dira multzo honetan.

Iñaki Urkizaren iritziz, “baldintza berri hauek aurretik presoen bisitaldietarako laguntzak arautzeko indarrean zegoen dekretua hobetuko dute”. Gainera Eusko Jaurlaritzak ematen dituenekin batera ere eska ditzakete familiarrek, baina bisita guztien kostua gainditzen badute, handik gorakoa itzuli beharko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun