Birziklatzen jarraitzearen garrantziaz ohartarazi dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 17a, 22:27

Orain dela bi urteko datuekin alderatuz, Getxo udalerrian jasotako ehun-gai, paper, ontzi, beira, pila eta fluoreszente kopurua 2004an gora egin arren, "planetan bizi garen guztiontzat birziklapena areagotzeak dakartzan onurekiko konzientziatzen segitzea oso garrantzitsutzat" jo du Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak. Izan ere, igaz 32.616.418 kilo hondakin batu zituen Udalak eta horietatik 27.697.222 kilo zabortegian amaitu zuten, berreskuratu ezinik. Laster birziklapenaren beharrari buruzko kanpaina jarriko dute martxan.

Datu horien arabera, udal arduradunek arazo batzuk egiaztatu dituzte. Horien artean, herritar askok papera bere edukiontzietatik kanpo uzten dutela, zabortegira doazen hondakinekin batera beira eta ontziak ere botatzen dituztela eta, horretaz gain, beira ordu ez egokietan botatzen dutela edukiontzietan.

Kopuruak

Udalerriko eleiz, ikastetxe edo osasun zentroetan jarritako 16 edukiontzietan (5.250 biztanleko bat), 2004an utzitako ehun-gai kopurua aurreko urtean baino %36,7 handiagoa izan zen, atzoko prentsaurrean Fernando Burzakok adierazi zuenez. Guztira, 204.544 kilo batu eta Berohi sozietate kooperatiboari eraman zituzten, horrek berreskura ditzan Ekoropa denden bitartez. Aldi berean lanpostuak sortzen dituzte.

Bestalde, 2.757.443 kilo paper batu ziren 180 edukiontzietan (466 biztanleko bat), aurreko urtean baino %7,1 gehiago. Burzakok azaldu zuenez, kopuru horrek ingurumenari etekinak dakarkio, tartean, 38.598 zuhaitzen edota orduko 13.785.000 kw energia aurrezpena. Ontziei dagokienez, 200 edukiontzietan utzitako 678.460 kilo batu ziren (edukiontzi bat 420 biztanleko), 2003an baino %2,07 gehiagok. Azkenik, mantendu egin da beira, pila eta fluoreszenteen bilketa. Orotara 1.269.449 kilo beira (124 edukiontzitan), 8.020 kilo pila (155 edukiontzitan) eta 1.280 kilo fluoreszente (43 edukiontzitan) batu ziren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun