Euskararen erabilera biziberritzeko hiru lankidetza hitzarmen sinatu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 17a, 23:07

Euskararen normalizaziorako bidean, udalerrian garatzen diren ekintzak indartu eta bultzatzeko asmoz, lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu Getxoko Udalak. Horiei esker, aurten 25 urte betetzen dituela 30.000 euro jasoko ditu Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) bertsolaritza sustatzeko; Bizarra Lepoan euskara elkarteari, berriz, 24.737 euro emango dizkiote aisialdia jorratzen duen GEHI-Getxo Euskalduntzeko Hitzarmena izeneko egitasmoa sendotzeko. Azkenik, Boluntzarreta elkarteek 60.101 euro jasoko ditu UK aldizkariaren argitalpenarekin jarrai dezan. (Argazkian, ezkerretik eskuinera, Imanol Landa Presidentzia zinegotzia, Joseba Santxo ALBEko arduraduna, Iñaki Zarraoa alkatea, Josu Esnaola Bizarra Lepoaneko lehendakaria eta Jokin Aspuru UKko zuzendaria atzoko ekitaldian).

Hitzarmen hauek bi urtez egongo dira indarrean. Imanol Landa Presidentzia Arloko zinegotziak atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, “udalerrian euskararen erabilera sustatzea dugu helburu gure gizarteko arlo estrategikoetan, hala nola, hezkuntza eta komunikazio esparruetan lanean diharduten elkarteen bitartez”.

Ahalegin guztiak gutxi dira

Orain arte, Getxoko Udalak hauekin eta beste elkarte sozio-kulturalekin jardun ohi du lankidetzan, ekintza jakinetarako dirulaguntza zehatzak emanez. Hemendik aurrera, eta hitzarmen hauei esker, alderdi bakoitzaren betebeharrak finkatuta geratuko dira hitzarmen bakoitzean.

Iñaki Zarraoa alkatearen iritziz, “euskera herritar guztien kultur ondarea da, hiltzen utzi ezin duguna; guztion artean defendatu behar dugu, ideologiak baztertuta”. Horregatik, bere ustez, “egin daitezkeen ahalegin ekonomiko guztiak gutxi izango dira gure gizartean euskararen erabileraren normalkuntza gauzatu arte”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun