Arzalluzek boto askatasuna aldarrikatu omen du iganderako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 18a, 00:45

Izaronews webguneak atzo zabaldu zuenez, Xabier Arzalluz EBBko presidente ohia eta EAJko kideak Sopelan egindako ekitaldi batean igandean nahi zutena egiteko baina apirileko hauteskundeetan denak bozkatzera joateko eskatu zien bertako jelkideei. Gaur, berriz, albiste hori Izaronewsen topatzea ezinezkoa izan da, UKBERRIk ezagutzen ez duen motiboren bat dela-medio bertatik kendu baitute. Gaur ere, Uribe Kostan hiru ekitaldi izan dira Europako Konstituzioaren alde zein kontrakoak.

Uribe Kostan Europako Batasuneko Itun Konstituzionalaren inguruko kanpaina jarraitzen du. Gaur, baiezkoaren aldeko ekitaldian, Josu Jon Imazek 250 bat pertsona batu ditu Leioan, bertako EAJk jakinarazitakoaren arabera. Alderdiak berak emandako laburpenaren arabera honako hau adierazi du Imazek: "ez gara gauden maila honetara heldu ezetz esaten, baietz esaten baino. Baiezkoa esan genuelako bizi dugu gaur egun aduanarik gabeko Euskal Herrian, pezeta eta frankorik gabeko Euskal Herrian. Eta aurrera jarraitzeko modu bakarra baietz esatea da". Baiezkoaren aldeko Euskal Herriko alderdi abertzale bakarra laguntzen, Josep Antoni Duran i Lleida Convergencia i Unió-ko idazkari orokorra izan da Leioan.

EAJko EBBren presidentearen ustez "itun berriak estatuen ahalmenak murrizten ditu eta zelai handiagoan jokatzeko aukera ematen ditu. Itun honekin aurrera egiten jarraituko dugu, nazioen Europaren mesedetan eta estatuen Europaren kaltetan".

Ezezkoaren aldekoak

Areetan, talde anitzek sortutako Erromo eta Areetako Ezetzaren Aldeko Plataformak 56 lagun batu ditu Xake plazan egindako "Itun Konstituzionalari ez" leloko kontzentrazioan (Argazkian). ELA, LAB, Zutik, Aralar, POSI, Askatasuna, Batasuna, EHE, Segi, ESK, Gazte Abertzaleak, Itzubaltzeta Gaztetxea eta Itzubaltzetako Gazte Asanbladak bi lelo baino ez dute oihukatu: "Langileen alde, Itunari ez" eta "Herrien alde, Itunarik ez".

Talde guztiek amankomunean sinatutako manifestuan, Europako Batasunako Itun Konstituzionalari ezetza emateko zazpi argudio nagusi jaso dituzte plataformako kideek:

- "Lanaren inguruan ez dituelako exigentzia eta konpromisorik hartzen (aldikotasuna, denbora partziala...), ezta ere emakume, etorkin edota gazte kolektiboen egoeraren inguruan".

- "Lortutako giza-lorpen guztiak arriskuan jartzen dituelako (osasun publikoa, langabezia, jubilazio politikak...)".

- "Herrien autodeterminazioaren eskubidea zein Europako hizkuntza guztien izaera ofiziala ez baititu aintzat hartzen".

- "Bakea ezean, armamentismoa eta guda prebentiboa sustatzen dituelako".

- "Genero bereizketa iraunarazten duten politikak bultzatzen dituelako".

- "Herritarren askatasun pertsonala murrizten duelako estatuen suposatutako segurtasun baten alde (euroagindua...)".

- "Garapen jasangaitza bultzatzen duelako...".

Bestalde, bihar Leioako Plaza Gorrian mitina izango da Ezezkoaren Aldeko Ekimenaren eskutik, iluntzeko 20:00etan.

Mahai-ingurua

Bestalde, Udondo gaztetxeak "Europako Batasuneko Itun Konstituzionalaren aurka zergatik egon behar garen?" izeneko mahai-ingurua deituta zeukan, baina UKBERRIk azken ekitaldi horri buruzko informazioa lortzerik ez du izan.

Gaiaren inguruko berriak:

Baiezkoaren aldeko ekitaldi politikoa egingo du bihar Leioan EAJk (2005 Ots 16)

Europako Konstituziorako Itunaren aurrean jarrera kritikoa adierazi nahi dugu (2005 Ots 16)

Europako Itun Konstituzionalaren aurkako ekimen ugari Uribe Kostan (2005 Ots 15)

Europako Itun Konstituzionalaren aurrean ezetza eskatu du ELAk (2005 Ots 09)

Europako Konstituzioari buruzko hitzaldia izango da etzi Itzubaltzetan (2005 Ots 07)

Sopelako udal webguneak europar konstituzioari buruz erdarazko informazioa eskura jarri du (2005 Ots 04)

Europako Konstituzioaren aurkako plataforma sortu da Itzubaltzetan (2005 Urt 11)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun