Euskal Herria eta bera bezala estatu gabeko nazio diren herriek, beren etorkizuna bermatua ikusiko duten Europa da, lortu nahi duguna.
Euskal jendarteari deia
Bai Euskal Herriari ekimenaren aburuz, otsailaren 20an erreferendumean bozkatuko den Europako Itun Konstituzionalari bi aldiz eman behar diogu ezezkoa:
Herri gisa. Euskal Herria nazio libre eta burujabea izatearen bidean, oztopo besterik izango ez den konstituzioa delako. Autodeterminazioaren bidez, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea, guztiz zapuzten duelako. Euskal Herria bezala, Europan zehar eta munduan diren estatu gabeko nazioak zapaltzen dituelako. Hau honela izanik ezezko bozka emateko deia luzatzen dugu.
Euskal herritar gisa. Gu euskal naziotasunaren jabe gara. Egun gure naziotasuna ukatu egiten zaigu eta hainbat naziotasun arrotz inposatzen zaizkigu. Halere, aspaldidanik badugu euskal herritarrok gure naziotasuna eta gure nortasuna munduaren aurrean agertzeko tresna. Euskal Herriko lehen instituzio nazionalak eskainiriko tresna da EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormena). Hau honela izanik igande honetan EHNArekin bozkatzeko deia luzatzen dugu.
Gaur arte Euskal Herri osoan eta ehundaka hautes-mahaietan, milaka euskal herritarrek normaltasunez, EHNArekin bozkatu ahal izan dute. Horregatik, dei egiten diegu Hautes mahaietan egon behar duten herritarrei, beren bizilagunek libreki EHNArekin bozkatzeko hautua egiten badute, berau errespetatzeko.
Euskal alderdi politikoei oharra
Aurreko hauteskundeetan hainbat ordekari politikoen eraginez, hainbat hautes mahaietan zailtasunak izan ziren EHNArekin bozkatzeko.
Bere burua EHNArekin aurkezten duen euskal herritar oro, errespetatua izanen dela bermatzea eskatzen diegu alderdi politikoetako zuzendaritzei, abertzaleei bereziki.
Hauteskunde hauetan aurrez aipaturiko alderdiren bateko ordezkariren batek euskaldunoi espainiar nortasun agiriaz bozkatzera behartuko bagintu publikoki salatzeko konpromisoa berresten du Bai Euskal Herriari herri ekimenak.
Euskal Herrian 2005eko otsailaren 17an.
Bai Euskal Herriari
e-posta: bai_euskalherriari@yahoo.es