Erreferendumari aurrea hartu dio UK aldizkariak bere 75. zenbakian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 18a, 19:41

Uribe Kostako euskaldunok buzoian daukagu jada Boluntzarreta elkarteak argitaratutako UK aldizkariaren ale berria, 75. zenbakia, alegia. 2004ko (sic) otsailaren 20ko data duen aldizkariaren "Gu Geu" atalean (editoriala ez-ofiziala), UK-ko lantaldea Europa Batasuneko Itun Konstituzionalaren kontra azaldu da euskaldunon hizkuntz eskubideen ikuspegitik.

"Ale hau zure eskuetara heltzen denerako, azken boladan denon ahotan ibili den Europako Konstituzioaren gaineko erreferenduma eginda egongo da, eta beraz, lerrook ez dute zure botoa alde batera edo bestera bideratzeko inongo eraginik izango. Ezta nahi ere!". Horrela aurkeztu dute UKko kazetariek Itunari egindako kritika gordina. Izan ere, eskualde "jeltzale" honetako hamabostekari euskaldunak datorren asterako zeukan aurreikusita aldizkarien banaketa baina, behingoz, inprimategien galtzagorriek atzerapenen ordez aurrerapenak ekarri dituzte.

UKko lantaldearen ustez, "Europako hizkuntzarik zaharrenari status ofizialik onartzen ez dion testu bat, nekez izan daiteke ona euskal hiztunontzat".

Edukinak

Bestalde, UK hamabostekariak honako hauek ditu gairik garrantzitsuenak:

- Algortako merkatu txikiari buruzko erreportajea.
- Skaterrak Uribe Kostan, Carlos Terrerosen argazkiak.
- Konrado Mugertza EAEko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, EAJko kidea, eta "Bizarra Lepoan" aldizkariaren zuzendaria izandakoarekin elkarrizketa.
- Algortako Agate Deunaren irudiak.

Aldizkaria oraindik ez baduzu jasotzen, Boluntzarreta elkartearengana jo baino ez duzu egin behar:

uk@aldizkaria.biz
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun