'Hazi eta hezi euskaraz!' kanpainari heldu dio Uribe Kostak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 18a, 20:17
Otsailaren 14ean zabaldu zen 2 eta 3 urteko neska-mutikoak eskolan aurrematrikulatzeko epea, eta hilaren 25era arte luzatuko da. Beraz, gurasoek laster erabaki beharko dute seme-alabak zein ikastetxeetara eraman eta zein hizkuntza-eredutan eskolaratu. Horren harira, Alkarbide bilguneak koordinatutako "Hazi eta hezi euskaraz!" kanpainarekin bat egin dute Bizkaiko 24 udalerrik eta hiru mankomunitatek, eskualdeko herri guztiak horien artean daudela: Erandio, Getxo, Leioa eta Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopelana, Urduliz eta Berango, nahiz eta azken hau bere kabuz abiatu duen ekimena. Gurasoei hezkuntza sareko B eta D ereduak dituzten alderdi onen berri ematea da helburua, horiek direlako erakunde publikoen hitzetan eredu euskaldunak, beti ere,
Orotara, 15.000 familia bizkaitar izango dute euren etxeetan kanpainaren gaineko informazioa. Udalerri bakoitzean, tokiko erakundeko arduradunetako batek sinatutako eskutitza, hezkuntz-eredu ezberdinak azaltzen dituen liburuxka eta umeentzako neurgailua jasoko dute, kartazalean, aita-amek.

Getxo udalerria

Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak azaldutakoaren arabera, “datuek erakusten dute EAEko bi hizkuntz ofizialak menderatzeko, hezkuntz eredurik egokienak euskaldunak direla, hau da, B edo elebiduna eta D eredua gaztelania ikasgai duen euskarazkoa“. Guztira, 3.000 familia getxoztarrek jasoko dute kanpainaren gaineko zehaztasunak –Zarraoak berak zinatutako eskutitza tartean– euren etxeetan.

Gainera, “Hazi eta hezi euskaraz!” leloa, euskaraz ez ezik, erderaz, frantsesez eta arabieraz ere jarri dute Getxoko udal arduradunek, etorkinei ere kanpaina helarazteko, horiek baitira kanpotik etortzen diren gehienek darabilten hizkuntzak. Era berean, kanpaina etorkinak egoten ohi diren lekuetara helarazteko ahalegin berezia egin da ere, hala nola, elkarte eta mintzalekuetara.

Getxoko Udalaren Euskara Zerbitzuak emandako datuen arabera, udalerriko hamar neska-mutikoetatik zazpi B eta D ereduetan matrikulatzen dira. Imanol Landa Presidentzia zinegotziaren esanetan, "gizarte getxoztarraren gehiengoa euskararen aldekoa da. Halaber, hizkuntzaren normalizaziorako eskola oinarri nagusia dela agerian da". Gaur egun hezkuntzak kultura eta hizkuntz askori begira egon behar duela ere azpimarratu du Landak, atzerriko ikasleen integrazioa euskal hezkuntza sisteman aberasgarria dela adieraztearekin batera.

Erandio

Erandioko Udaleko Euskara Sailak, berriz, bi eta hiru urteko seme-alabak dituzten 450 gurasori bidali die gutuna, "euren seme-alabak euskarazko D ikastereduan matrikula ditzaten animatuz", udal webgunean aipatzen denez.

D eredua elebidun izateko aukerarik aproposena eskaintzen duena dela adierazten omen da aita-ama erandioztarren etxeetara bidalitako gutunean, eta elebitasuna dela beste herrialde batetik gurera etorri direnak gizarteratzeko giltzarri nagusienetakoa.

Esan bezala, Erandion eta Getxon ez ezik, Uribe Kostako gainontzeko herrietan ere abian jarri dute "Hazi eta hezi euskaraz!" kanpaina, hedabideei horren berri eman ez duten arren oraindik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun