Bizkaiko Zubiko plaza ingurutik erosoago ibiltzeko lanak egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 18a, 22:30

Oinezkoek erraztasun eta erosotasun handiagoz ibili ahal izateko, udalerriko hainbat espaloi eta kale kantoietan hobekuntzak egiteko asmoa iragarri dute Getxoko Udaleko arduradunek. Besteak beste, Areetako Bizkaiko Zubi ondoko plaza eta Itzubaltzeta / Erromoko Kresaltxu inguruan egingo dituzte lanak. Algortako hainbat tokitan, berriz, barandak jarriko dituzte. Hauek guztiak Udal Irisgarritasun Planaren baitan sartzen dira. Izan ere, mugitzeko arazoak dituztenei (elbarrituak, hedadetuak, ume-kotxearekin doazenak...) ez ezik, bizilagun guztiei eman nahi diete kaletik ibiltzeko erraztasunak. Bestalde, Algortako Sarrikobaso aldean errepideak konponduko dituzte (Argazkian Bizkaiko Zubiko plaza eta Eduardo Coste arteko oinezkoen pasabidea).

Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak gaurko prentsaurrekoan zehaztukoaren arabera, Bizkaiko Zubi ondoko plazan ez ezik, Kale Nagusira bidean eta Tomas Olabarri eta Eduardo Coste kale kantoietan ere izango dute eragina lanek. Enparantzatik aipatutako azken kalerarako sarrera-irteeran, arrapala bat jarriko da, oinezko ororentzat eta mugitzeko zailtasunak dituztenentzat, bereziki. Zubi aurrean, berriz, errepidea egokituko dute oinezkoen zein autoek ibili ahal izan dezaten gunea egiteko. Alde batean zein bestean, espaloien altuera txikiagotuko dute oinezkoen pasabideak errepidearen mailara jartzeko. Azkenik, inguruetan dauden bi bidegorriak lotuko dira. Lan horiek, datorren udarako amaituko dira eta 87.000 euroko aurrekontua dute.

Oinezkoen pasabideak Itzubaltzetan

Bizkaiko Zubi inguruan bezala, Itzubaltzeta / Erromoko Lope de Vega, Ganeta, Kresaltxu, Zubieta, Gorbea eta Santa Eugenia kaleetan ere espaloiak moldatuko dituzte errepidearen mailara jartzeko, horiek zabaltzearekin batera. Lau hilabete iraungo dute lanok, hortaz irailerako egon daitezke amaituta. Aurrekontua 416.000 eurokoa da.

Zarraoak azpimarratu duenez, hauek “auzo ezberdinetako erdiguneetan honezkero amaituta dauden obren jarraipena dira, mugikortasun murritza duten pertsonen joan-etorriak erraztu aldera. Bide horretan, espaloiak zabaldu eta jaitsi, edota oinezkoen pasabideak garaigo jarri ohi ditugu zirkulazioa geldotzeko”. Etorkizunean, Errekagane aldean aparteko jarduera egingo da, eta ondorioz Itzubaltzeta / Erromo “oinezko guztientzako gune izango da. Gainera, aparkalekuen kopurua ez da gutxituko”, alkatearen hitzetan.

Barandak Algortan

Era berean, barandak jarriko dituzte aldapa handia dagoen Algortako hainbat guneetan: Aiboako metro geltokitik Jesusen Bihotza Udal Egoitzara doan Arkotxa kaleko 100 metro luzeerako zatian, Martikoenako 20 metrotan, Aretxondon (Basagoiti Etorbidea eta Andres Cortina kaleen arteko zatian) eta San Nikolas plazan. Azken hauek, alde bietatik heltzekoak izango dira, eleiz alboko eta Ondarreta denba aurreko eskaileren erdibidean jarriko baitira. Bi hilabete eman dituzte horretarako eta 33.500 euro.

Errepideen konponketa

Bestalde, Algortako Bidebarri –Sarrikobaso eta Aldapa arteko zatian–, Bolue eta Arenen; eta Getxoko Santa Marinako Haitzak kalean errepidea konponduko dute. Besteak beste, zoladura altzatuko dute berriro ere asfaltatu ahal izateko. . Lanak amaitutakoan, uda ostean, zeharkako seinaleztapena egingo da. 491.000 euroko aurrekontua dute azken hobekuntza hauek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun