Manifestazioan zehar, Aiboa Casares Astrabuduako Segiko kide presoaren askatasuna eskatzeaz gain, gazte erakunde ilegalizatuen aldeko oihuak etengabe bota dituzte. Era berean, 18/01 eta, orokorrean, 18/98 sumarioaren ondoko pieza guztiak "gezur hutsak" baino ez direla eta euskal herritar guztien eskubide zibil eta politikoak jokoan daudela nabarmendu nahi izan dute Astrabuduara hurbildutakoek. Azkenik, Jarrai, Haika eta Segiko ustezko 42 kideren kontrako epaiketaz aparte, Kepa Saratxaga, Endika Lejarzegi eta Arkaitz Goikoetxearen kontrakoa ere badela gogoratu dute eta datorren asteartean 19:30ean Algortan burutuko den mobilizaziora deitu dute.
Berriz, Gaztesareak jakinarazi duenez, Leioan margoketak egin dituzte eta bidea moztu dute kateekin. Bestalde, goizean Uribe Kostan hainbat ikastetxeetan egin dituzte mobilizazioak. Erandion 35 lagunek elkarretaratzea egin dute, batxilergoak eta lanbide heziketak lan-hustea egin dutela. Leioako institutuan eta Betiko ikastolan ere elkarretaratzeak izan dira. Baita, Romo-Artatza institutuan ere, Sopelan bezala. 30na gazte kontzentratu dira lau ikastetxe horietan. Algortan giza katea egin dute Telletxen.
Segik Astrabuduan zabaldutako komunikatua:
Gora euskal gazteria!
Zazpi urte joan dira Estatu espainiarrak Euskal Herriaren aurkako beste pausu errepresibo bat eman eta hainbat erakunde eta komunikabideren aurkako erasoak hasi zituela. Euskal jendartean jada aski ezagunak dira Auzitegi Nazionalean irekita dauden 18/98 eta horren ondotik etorritako gainontzeko makrosumarioek izan dituzten ondorio larriak, 200 pertsonatik gorako auzipetze, atxilotze edota kartzelaratzeekin; hamaika erakunde eta komunikabideen kriminalizazio eta ilegalizazioekin; hainbat tortura salaketekin... Urte honetan zehar eraso bidegabe horren bigarren faseari ekingo diote, makrosumario hauen guztien epaiketeei hasiera emanez.
18/01 makrosumarioa Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen aurka egindakoa da. 2001eko martxoan abian jarri zutenetik 42 gazte izan dira auzipetuak, gehien-gehienak kartzelaratuak, eta hiru gazte erakunde ilegalizatuak. Fiskalak zigor eskaera egin berri du eta 654 urteko espetxealdia eskatu du 42 gazterentzat. Hauen artean Aiboa Casares dago, hiru urte kartzelan eman eta gero, 14 urteko eskaerari aurre eginez. Hemendik gure besarkada iraultzaileena.
Baina, Euskal Herri osoaren aurkako eraso baten aurrean aurkitzen gara. Aske nahi duen euskal gazteria osoa da eraso horren jopuntuan dagoena. Azken finean, parte hartze politikorako eskubidea, adierazpen eta iritzi askatasuna, elkartze eta antolatze eskubidea eta askatasun ideologikoa zigortu nahi dituzte eta horrek gazte eta, orohar, herritar guztiongan eragina dauka. Beraz guztioi dagokigu erantzuna ematea, Euskal Herriak eraso hau gelditu behar du. Orain, euskal gazteriaren defentsan ateratzeko unea da.
Aste honetan, argi eta garbi geratu da epaiketa hau fartsa bat dela; itzultzaile ezgauzak, kazetari manipulatzaileak eta epaile histeriko bat, zeinak jada badakien zein izango den epaia. Baina horrekin ez dute nahikorik, jarraitzen dute euskal herritarron atxiloketekin, estradizio-euroaginduak onartzen eta, finean, gazteak erasotzen bai Madrildik zein Parisetik. Baina, ezin dugu etsi. Makrosumario guztien lehenengo epaiketa da hau eta giltza izan daiteke, ezin dezakete gazteriarekin nahi dutena egin.
Gazteak gara eta harro gaude!