Maiatzean bukatuko dituzte lanak Sopelatik Urdulizerako errepidean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 19a, 18:24

Sopela eta Urduliz arteko errepidean egiten ari diren lanak amaitzeko epea aldatzea erabaki zuten ostegunean aipatu Uribe Kostako lehen herri horretan egindako osoko bilkuran. Obrak maiatzean egon behar direla bukatuta onartu zuen udalbatzak. Bestalde, Sopelako kirol azpiegituren ustiaketa batera egitea erabaki zen, Abadesolo igerilekuen, Urko kiroldegiaren eta frontoiarena alegia.

Urtarrilaren 26an hasi ziren lanak Urdulizerako errepide nagusian. Hasieran Bizkaiko Foru Aldundiko jabegokoa bazen ere, 2004eko urritik Sopelako Udalak dauka errepide horren ardura, Lan Publikoetarako foru arduradunekin lortutako hitzarmenari esker. Besteak beste bi errotonda egiten ari dira Larrondo Baserri ondoan zein Larragoitiko zubiarekin lotzeko eremuan (Olabide industrigunera sarrera, Garbigunetik hurbil). Lehenengo errotondak oinezkoentzako zubira sartzea ahalbidetuko du. Bigarrenean, berriz, asfaltaturiko eremuaren maila metro bat eta erdi jaisten ari dira, trenbidearen behekaldetik igarotzen diren kamioiek sartzea errazago eduki dezaten.

Errotonda biak trafikoa bideratzea erraztuko dute. Izan ere, Imanol Garai alkateak bere garaian azaldu zuenez, "kotxeak abiadura handian doazela da errepide horren arazoa. Behin baino gehiagotan egon dira auto-istripuak eta hildakoak. Errotonda biek abiadura murriztera behartuko dituzte gidariak, arrisku egoerak saihestuz".

Trafiko aldaketak

Lanak irauten duten bitartean, moztuta egongo da Olabide industrigunera sartzeko ohiko bidea. Sopelako Udaltzaingoak jakinarazitakoaren arabera, Mungia eta Urduliztik bertara doazen ibilgailuek Unbeko errepidea hartu beharko dute, Gatzarriñetik (Enrike Urrutikoetxea eta Olabide kaleetan barrena). Berangotik doazenek, berriz, Loiola Ander Deuna, Akilino Arriola, Iberre, Gatzarriñe, Enrike Urrutikoetxea eta azkenik Olabide kalea hartu beharko dute, hurrenez hurren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun