Emakida egiterakoan ezarri diren erizpideei dagokienez, taldea edo elkartea udalerrian errotuta dagoen ala ez begiratuko da, lehenbizi. Bestalde, bere jarduerari lotutako iragan historikoa, aurkezten dituen ekintzen originaltasuna eta egokitasuna, ekitaldi bakoitzaren kostua, baliabide ekonomiko propioak eta horiek lortzeko egiten duen ahalegina, eta taldearen egitura eta antolaketa maila ere hartuko dira kontuan. Horretaz gain, beste bi gai garrantzitsu ere aintzat hartuko dira: "elkarteak gizon eta emakumeen arteko berdintasun aukeren gainean elkarteak duen jarrera, batetik, eta Euskal Autonomi Erkidegoko hizkuntza ofizialekikoa, bestetik", Zarraoak adierazi duenez.
Kirol taldeekin ere irizpide berberak ezarri dira, baina hauen kasuan, parte hartzen duten lehiaketa eta kirol modalitateen eta federazioan taldeak aurkeztutako fitxen kopuruaren gaineko agoriak eskatuko zaizkie.
Diru-laguntzak non eskatu
Kultur zein kirol diru-laguntzak jasotzeko eskabideak udaletxeko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, gainontzeko erakunde ofizialetan egin badaiteke ere. Elkarteak deialdian bertan agertzen den eranskin-orria bete beharko du, behin udaletxean bertan jaso eta gero. Horrekin batera, 2005ean burutu asmo dituen ekitaldiez ezezik iaz egindakoen gaineko txostena aurkeztu beharko dute.
Halaber, elkarteak dituen bazkide kopuruaren aitorpena eta Bizkaiko Foru Ogasunaren agiria aurkeztu beharko du, zerga guztiak ordainduta dituela egiaztatzeko. Gizarte-segurantzarekin betebeharrik izatekotan, ordainketan hutsik ez dagoela frogatzeko, Diruzaintza Orokorraren egiaztagiria ere aurkeztu beharko du elkarteak. Horretaz gain, bestelako dirulaguntzarik jasotzeko aukera duen edo ordurako jasota duen adierazi beharko du, Getxoko Udalak emandakoen osagarri izan daitezkeen arren, gainfinantziaziorik gerta ez dadin.