Leioako campusak datorren astean zabalduko dizkie ateak ikasle sartuko direnei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 21a, 19:36

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gainontzeko ikastegietan bezala, aurten ere, "Atean Zabalik" jardunaldiak antolatu ditu Leioako campusean Euskal Herriko Unibertsitateak. "Etorkizuneko ikasleei ikasketa ezberdinen inguruko informazioa emateko xedearekin", otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitartean eskainiko dituzte hitzaldi informatiboak, unibertsitateko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Jardunaldiak euskaraz eta erderaz egingo dituzte eta 10:30etik 13:30ak arte eta 15:30etik 18:30ak arte izango dira.

Era horretan, irakaskuntza, azpiegitura eta lanbide-etrokizunari buruzko informazioa eskainiko dute. EHUtik adierazi dutenez, "etorkizuneko ikasleei unibertsitatea hurbiltzea" da jardunaldion helburua, "ikasi nahi duten karreraren informazioa izan dezaten".

Zortzi mila ikasle baino gehiago

Horrela, 8.500 ikasle baino gehiagok eman dute jada jardunaldietan parte hartzeko izena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako campusetan. Hala ere, kopurua datorren astean handituko dela adierazi dute aipatu iturriek, "Ateak Zabalik" jardunaldiak hastearekin batera, hain zuzen ere.

Parte hartu nahi duten guztiek Bigarren Mailako Zentroen bidez eman beharko dute izena. Halaber, informazio gehiago jaso nahi dutenek Euskal Herriko Unibertsitateko Orientabide Zerbitzuaren telefono zenbakietara dei dezakete: 945 01 33 94 (Araba), 94 601 31 59 (Bizkaia) eta 943 01 82 56 (Gipuzkoa).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun