Areetako bonba-autoa aitzaki hartuta Getxon bizitzea "itogarria" dela plazaratu du 'Interviu'k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 22a, 00:09

"Getxo, un pueblo en la diana de ETA" izenburupean, lau orrialdeko erreportajea eskaini dio Uribe Kostako herriari Interviu aldizkariak, bere 503. zenbakian. Hasiera batean, albistearen ardatza urtarrilean Areetako Ondategi kalean ETAk jarritako bonba-autoa izango dela ematen duen arren, "herrian giroa itogarria" dela ulertzera ematen du aldizkariak paragrafoetan barrena, Gotzone Mora PSE-EEko zinegotziaren adierazpenak tarteko. Besteak beste, udaletxeko balkoian inolako banderarik ez jartzeko erabakiarekin nahasten du erakunde armatuak egindako atentatua. Poliziaren iturriak gogora ekarrita, bonba-autoa Delclaux familiaren aurka jarritakoa izan zitekeela aipatzen du kazetariak eta hura gaitzesteko udaletxean egindako elkarretaratzean bizi izan ziren tira-birak hartzen ditu aitzakitzat, Getxon tentsioa dela nagusi azaleratzeko. Tartean, Getxo Bizia, Koska irratia eta jai batzordeak "legez kanpo utzitako Batasunaren inguruan" kokatzen ditu. Zeharka baldin bada ere Getxoko Udalari eta Zarraoa berari ere "inguru horri laguntzea" leporatzen dio.

Irakurtzen hasi bezain laster aipatzen ditu Daniel Montero kazetariak Getxo udalerriko "zenbakiak": "ETAren 15 hilketa, bost bonba-auto eta bahitutako hiru pertsona 30 urtetan". Hala ere, Areetako azken atentatuaren inguruan poliziako iturrien hipotesi nagusia labur plazaratu ondoren, argi baino hobeto usain dezake "Interviu" eskuetan hartzen duenak kontua zertaz doan. Adierazgarriak dira lehenengo paragrafoko hasierako hitzak: "Getxoko udaletxean banderarik ez dago. Ez espainarrak, ezta euskaldunak ere. Bat ere ez. 'Adostasunik ez zegoenez, mastak kendu genituen arazorik ez egoteko', azaltzen du udal bozeramaile batek. Behin txakurra hilda, errabia ere akabatuta".

Besteak beste, Iñaki Zarraoa alkatea, Gotzone Mora PSE-EEko zinegotzia, Marisa Arrue PPko bozeramailea eta Iñaki Urkiza Udal Gobernu Batzordean dagoen EB-Berdeak taldeko zinegotziaren adierazpenak tartekatzen dira erreportajean. Baita "beldur diren herritar anonimoek" botatako hitzak ere. "Oinak aurretik atera beharko naute hemendik", aipatzen du Areeta aldeko enpresa-gizon batek eta auzotarren artean isiltasuna dela nagusi esaten jarraitzen du kazetariak, "Inork ez dauka martiri bokaziorik. Bakoitzak bere aldetik egiten du gerra", gaineratuz.

Erreportaje erdia Morarentzat

Adierazgarrien artean adierazgarriak Gotzone Morak esandakoak, batik bat erreportaje erdia hartzen dutelako. "Udal Gobernu Batzordearen (EAJ, EA eta EB-Berdeak) trapu zikinak" ateratzeko asmoa aisa adierazten du PSE-EEko zinegotziak. Besteak beste, Bizkaia komandoari laguntzea leporatuta kartzelan egon zen Francisco Zabala Etxegarairi 2003an udaletxean lana eman ziotela gogora ekartzen du Morak. Baina ez du alkatearen aurka bakarrik egiten. Iñaki Urkizak ordezkatzen duen alderdia EAJk eta ETAk erabiltzen duten "ergeltzat" jotzen du Gotzone Morak. Gainera, bere hitzetan, "abertzalegoa bakarra da EAJtik ETAraino".

Jai batzordeak

Horretaz gain, osoko bilkuretan Zarraoak Getxo Bizia ezker abertzaleko herri plataformari hitza ematen diola eta "Batasunaren inguruko" hainbat elkarte –diru-laguntzen bidez edota jaietan txosna jartzen uzten dietelako– "finantziatzea" leporatzen die udal arduradunei. "Jaien egitarauan Amnistiaren Aldeko Batzordeen, ETAko presoen eta herriko tabernen aldeko iragarkiak eta guzti agertzen dira" dio PSE-EEko zinegotzirik "popularrenak". Hain zuzen ere, horrelakoak egotzi dizkio azken urteotan Algortako Iñaki Deunaren Jai Batzordeari Getxoko PPk. Jai Batzordeak beti defendatu du legalitatearen barruan jardun duela eta iragarkia ordaintzen dionari ezin zaiola edukia zentsuratu legearen barrukoa bada.

Zarraoak, aldiz, "legez kanpo jarri dena alderdi bat" dela gogoratzen du, "ez pertsonak". "Elkarte horiek bere gastuak kitatzen badituzte diru-laguntzak jasotzeko eskubide osoa daukate", jarraitzen du. Getxo Biziari hitza emateari dagokionez, "eurek ere gizartearen parte" direla eta "entzunak izatea merezi" dutela dio alkateak: "desadostasunak onartzeko ohitura ez duen jendea dagoela da arazoa", Moraren argudioei erantzunez.

Koska irratia

Izen bereko irratiaren ardura duen Koska Kultur Elkartea da erreportaje honetan kalte handien jasotzen duena. Izan ere, Uribe Kostako irrati librea zuzen zuzenean lotzen du "legez kanpo utzitako Batasunaren inguruarekin", elkarteko zuzendaritzan ibilitako bi kideei egiten dizkieten akusazioak direla medio. Horrela, Galder Bilbao 'Txapi' "Kosha" (sic) Kultur Elkarteko diruzain ohia eta Zigor Goikoetxea 'Gorrion' erabiltzen ditu artikuluak Koska eta ETAren arteko lotura egiteko. Goikoetxeak udal erregistroan irratiarentzako txosna bat eskatzea eta Baltasar Garzonen aginduz Bilbaori elkartearenak ziren 6.000 euro bahitzea dira elkarteari leporatutakoak.

2003ko urriaren 11an Bilbao espetxeratzeko agindua eman zuen Garzonek "ETAko oinarrizko azpiegituraren" kide izatea leporatuta. Goikoetxea, berriz, 2001eko martxoaren 20an atxilotu zuten, "Y talde" batean aritu zelakoan, eta aspaldidanik dago kalean. Gainera, "Y talde" izena Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren asmakuntza izan zela aitortu zion "El Mundo"ri Juan Maria Atutxak orain dela urteak. Bitartean, Bilbao Soto del Realen espetxeratuta jarraitzen du epaiketaren zain. Koska irratiak jakinarazi duenez, honi buruzko prentsaurrekoa eskainiko du Algortako Telletxen, ostiral honetan, goizeko hamaiketan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun