EAEko merkataritza egutegi berria onartu du Eusko Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 22a, 16:10

Goizean burututako Gobernu bileran onartu du Eusko Jaurlaritzak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak proposatutako merkataritza egutegiaren dekretu-proiektua. Proiektuaren arabera, 8 izango dira, gehien jota, ireki ahal izateko jai egunak. Aipatu dekretua merkataritzako langileen eta sindikatuen kritika gogorrekin jaio da eta sektorean dagoeneko lurraldeka aritu dira negoziatzen sindikatuak. Bizkaian, bi dira enpresarioek komertzioak zabalduko dituzten egunak: uztailak 3 eta abenduak 4. Beti ere, sindikatuen jarreraren kontra. Eroskik dagoeneko bere langileei iragarri die ez duela irekiko egun horietan eta, hortaz, agindua betetzen badu, Uribe Kostan Erandioko Carrefour eta Arteako dendak dira bere ateak zabalduko dituzten merkatalgune handi bakarrek.

Bestalde, Araban, dendariak eta merkatalguneen jabeak jai bat ala bi irekitzea eztabaidatzen dabiltza; Nafarroan 5 da merkataritza zentru handiek ireki ahal izango duten egun kopurua; Gipuzkoan, Bizkaian bezala dago egoera.

Mobilizazioak

Urtarrilaren 16an, ELA eta LAB sindikatuek deituta, milaka langile eta kontsumitzaile manifestatu ziren Bilbon, komertzioak jai-egunetan zabaltzearen kontra azaltzeko.

Veronica Gorritxo Zalbide Eskumaldeko ELAko arduradunaren iritziz, Eusko Jaurlaritzaren erabakia "merkataritza tradizionalaren kontra doa, zentru komertzialen kontra ez baitauka lehiatzerik". Horregatik bere sindikatuak "jaietan jai" kanpaina abiatu zuen aspaldi, jai-egunetan irekitzeak ez duelako "lan baldintzak hobetzen, ez du eraginik soldatan eta ezta ere langile kopuruan". Gainera, langileek "dituzten eskubideak mantendu behar" direla ez da aipatzen testuan, Gorritxoren arabera.

Madrilgo gobernuaren eta merkatalgune handien presioari men egitea leporatu diote LAB eta ELAk EAEko Gobernuari. Horren ildoan, gaineratu dute jai-egunetan zabaltzeak komertzio txikiari kalte egingo diola, eta denda txiki askok itxi egin beharko luketela. Aldiz, "Madrilek subiranotasun praktikoari heldu dio eta Eusko Jaurlaritzari eskumena kendu, eta euskal exekutiboak ez du horren aurrean txintik ere esan" gaineratu dute.

Jai-egunetan zabaltzeak euskal kontsumitzaileen beharrak ez dituela beteko uste dute bi sindikatuek. "Inor errespetatzen ez duten merkatalgune handiei egingo die mesede bakarrik. Izan ere, jakin badakite beste erkidego batzuetan badagoela jai-egunetan zabaltzeko aukera, baina hemen, berriz, ez". Sindikatuek jai-egunetan zabaltzearen kontrako jarduerekin jarraituko dute, haietariko lehena martxoaren batean izango da, Barakaldoko Ikea zabaltzen den eguna. Suediako enpresak jai-egunetan zabaltzearen alde egin du negoziazio guztietan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun