Greba dela eta bihar metrorik ez da egongo hainbat ordutan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 23a, 14:28
EAEko Lan Harremanen Kontseiluak Metro Bilbaon sortutako lan gatazka konpontzeko bitartekari lanak egiteko proposamena ez dute onartu ELA, CIM eta UGT sindikatuek. Hortaz, ostegun honetarako eta martxoaren 3rako egindako greba deialdiak bere horretan diraute. Bihar, 7:00etatik 9:00etara, 19:00etatik 21:00etara eta 23:50etik 1:50era izango dira lanuzteak. Beraz, metro zerbitzurik ez da egongo denbora horretan. Martxoaren 3an, berriz, ordu berberak hartuko ditu grebak, arratsaldean izan ezik: 18:30etik 20:30era ez da egongo garraiorik.
"Autobuses de Lujua" enpresan ere lanuzteak izango dira, martxoaren 1ean hasita, hilabete horretako 13 egunetan eta apirilean beste horrenbestetan, Areeta-Larrabetzu eta Bilbao-Aiartza lineetan. UGTk deituta, egun osokoak izango dira greba jardunaldiak. Hala ere, eskola-garraioan eragingik ez duela izango iragarri dute.

Metro Bilbao

Metro Bilbao enpresan ELA, CIM eta UGT sindikatuek greba deialdiarekin jarraitzea erabaki zuten atzo, EAEko Lan Harremanen Kontseiluak helarazitako proposamenaren hainbat gairekin bat ez datozelako. Sopelako material mugikorraren mantentze-lanei dagokionez, "horiei uko egiteko asmorik ez" dute langileen ordezkariek. Izan ere, aipatu lanak "azpikontrataturiko enpresa bati emateko mehatxua egin da Metro Bilbaok", sindikatuek salatu dutenez.

Azaldutakoaren arabera, "lan-baldintzen galera, lan-egoera ezegonkorra, langile nahikorik ez dagoela eta enpresako zuzendaritzaren nagusikeria salatzea dute helburu mobilizazioek". "Batetik bestera ibili behar gara eguneroko lana egin ahal izateko", deitoratu dute.

"Autobuses de Lujua"

Areeta-Larrabetzu eta Bilbao-Aiartza autobus-lineei dagokionez, martxoaren 1, 4, 5, 6, 7, 9, 10, 11, 12, 13, 16, 18 eta 23an eta apirilaren 1, 4, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 13, 15, 20, 28 eta 29an izango dira egun osoko lanuzteak. UGTk adierazi duenez, nahiz eta eskola-garraioan eraginik ez eduki, "kalte larriak izango ditu grebak, bidaiariak milaka direlako". Bizkaibuseko gainontzeko langileek dituzten "ekonomia eta giza-baldintzak" izatea eskatzen dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun