Ondategi kalean segurtasun neurriak areagotzea eskatu du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 23a, 20:56
Eusko Legebiltzarrean eta Getxoko Udalean aurkeztuko duten mozio bana eman du jakitera, gaur goizean Bilbon daukan egoitzan, PPk. Aipatu idatzietan, "Ondategi kalean polizi gorputzen presentzia hobetu eta areagotzeko plana" egitea eskatzen diote Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari, "Neguri eta Ondategiko auzotarrek bizi duten eta ulertzekoa den beldurraren aurrean". Eduardo Andrade Getxoko popularren zinegotziak adierazi duenez, "euren buruak Herrizaingo Sailak eta Zarraoak berak abandonatuta ikusten dituzte ETAren ekintzek gehien zigortzen duten auzoetako bizilagunek". Alkate getxoztarrari buruz, "biktimekin baino indarkeriazaleekin" dagoela gaitzetsi du Andradek. Presoen familiarrei dirulaguntzak ematen zaizkiela eta osoko bilkuretan "batasunoei" hitza hartzen uzten diela mahaigaineratu du esandakoa argudiatzeko. (Argazkian, urtarrilean Ondategin izandako atentatuaren osteko irudia)
Antonio Basagoiti Bilboko zinegotzi eta Bizkaiko PPko presidentea agertu da hedabideen aurrean Andraderekin batera. Izan ere, Marisa Arrue Getxoko popularren bozeramaileak bertan egoterik ez du izan, elurra dela eta, Madriletik ekarri behar zuen hegazkina atera ezinik gelditu delako. "Ez da batere normala talde terrorista batek sei bonba-auto jartzea udalerriko gune horretan", deitoratu du zinegotzi getxoztarrak, "erantzunkizuna polizia autonomikoaren buruzagiena" dela gaineratuz. Aipatu behar da, Eusko Legebiltzarrean horrelako mozio bat aurkeztu zuela PPk, baina hirukoak atzera bota zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun