'Egunkaria'ren itxiera etetea eskatu dute Europako Parlamentuko 22 diputatuk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 23a, 22:52

Europako Parlamentuko 22 diputatuk, Josu Ortuondo (EAJ), Ignasi Guardans (CiU), Bernat Joan (ERC) eta Raul Romeva (ICV) tartean, adierazpen bat aurkeztu dute gaur Estrasburgoko Parlamentuan, "Euskaldunon Egunkaria"ren itxiera etetea eskatuz, euskal kazetaren itxieraren bigarren urtemuga betetzen denean. Adierazpenaren sinatzaileen artean Monica Frassoni Berdeen presidenteetako bat eta Graham Watson liberalen presidentea daude, besteak beste. ERCko diputatuak Egunkariaren "itxiera lotsagarria" kritikatu du; bere iritziz, Espainiak ez du iritzi-askatasunaren oinarrizko printzipioa errespetatzen, hau da, "Europako Batasunaren oinarrietako bat".

Bernat Joanek adierazi duenez, "EBko Estatu berriei inposatu nahi dien irizpide guztiak betetzera" behartu beharko lituzke Europak bere Estatu kideak. Halaber, Ortuondok gogoratu du Euskal Herriak Europako Konstituzioa berretsi berri duela, eta bere bigarren kapituluan zera dioela: "Pertsona guztiek dute adierazpen-askatasunerako eskubidea".

Eskubideak urratuta

EAJko diputatuak errepikatu du eskubide horrek "aginte publikoen esku-hartzerik gabe eta mugarik gabe iritzi-askatasuna eta informazioak edo ideiak jaso edo komunikatzeko askstasuna" jasotzen dituela. Horrela, Europako Itun Konstituzionala Egunkariarekiko betetzea eskatu du. "Euskaraz editatzen zen egunkari bakarra zen. Adituen esanetan euskara Europako hizkuntzarik zaharrena da eta gorde beharreko balio kulturala da", esan du.

Gorka Knörr eurodiputatu ohia eta Eusko Legebiltzarreko presidenteordea ere agerraldian egon da. Bere esanetan, Egunkariaren itxiera "ez dator bat" Europako Batasunak gaur islatzen dituen printzipioekin, bereziki Konstituzioa berresten ari den momentuan.

"Horregatik, espero dugu Egunkariaren itxiera bezalako gertakariak berriro ez gertatzea Europako Batasunean. Espero dugu urtemuga tamalgarri hau bultzada izatea oinarrizko eskubideen errespetu osorako: prentsa-askatasuna eta informaziorako eskubidea", azaldu du.

Euskal herritarrak eta kazetariak kaltetuak

Kataluinar eta euskal eurodiputatuek aurkezturiko adierazpenak zera azpimarratzen du: "Nabarmentzekoa eta paradoxikoa da gaur egun egunkaria oraindik kautelaz bada ere itxita egotea", kasu honetan edo beste edozeinetan jarraitu beharreko eginbide judizialei kalterik egin gabe.

"Agerikoa da adierazpen eta komunikaziorako oinarrizko askatasun publikoei eragindako kaltea, hau da, euskal gizarte osoari eta bizitasun handiagoarekin euskaldunei eta, hauen artean, egunkariaren irakurle eta harpidedunei", dio.

Adierazpena izenpetu duten 22 sinatzaileek azpimarratu dute Egunkariako langileak eta kolaboratzaileak ere kaltetu dituztela, bai eta akziodunen eskubideak ere, bere hornitzaileen eta hartzekodunen eta loturiko enpresei eginiko kalte ekonomikoaz gainera.

"Aipamen berezia merezi du auzipetuei eragindako kaltea. Euskal kulturako pertsona ospetsuak dira eta Euskal Herriko aukera politiko, sozial eta instituzional zabalenaren atxikimendua eta elkartasuna jaso dute", dio. Hori dela eta, Egunkariaren itxiera "berriz hausnartzea" eta kalteturiko euskaldunen eskubideak "behar bezala lehengoratzea" eskatu dute.

Gaiaren inguruko berriak:

'Egunkaria'ren itxiera salatuko dute bihar Europako Parlamentuan (2005 Ots 22)

Egunkariaren Alde Elkartea sortu dute (2005 Ots 21)

'Egunkaria'ren itxiera salatzeko ekitaldia egingo da etzi (2005 Ots 18)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun