Kirola, aisialdia eta eskolaz kanpoko jardueren hizkuntz diagnostikoa egingo du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 24a, 00:11
Euskararen erabilera bultzatzeko neurriak martxan jarri ahal izateko, Getxoko Udalak kirola, aisialdia eta eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen erabileraren diagnostikoak osatuko ditu 140 inkesten bidez. Emaitzak datorren udarako edukitzea espero du Imanol Landa Presidentzia arloko zinegotziak. Ikerketa bitan banatzen da: alde batetik, haur eta gazteen eskola orduz kanpoko jardueretan eta aisialdian euskararen erabilera handitzeko diagnostikoa eta plan estrategikoa osatuko dira; beste aldetik, Gehi-Kirola egitasmoa jarriko da martxan, kirol jardueretan euskararen erabilera sustatzeko. (Argazkian, Artea Getxo Rugby taldeko kimuak).
Bi ekimenak iragan den urtean sortutako Gehi euskalduntze egitasmoaren jarraipena izango dira. Gehi ekimenean 23 aisialdiko kultur elkartek parte hartu zuten. Ondoren, merkataritzako 2.135 establezimenduri bere kalitate zerbitzuan euskara osagai izatea proposatu zien Gehi Euskara Merkataritzaraekimenak. Orain, Gehi-Kirolaren txanda da.

Aisia eta eskolaz kanpoko jarduerak

Eskola orduz kanpoko jardueretan eta aisialdian euskararen erabilera handitzeko diagnostikoa eta plan estrategikoaren helburuak finkatzeko 26.883 euro inbertituko ditu Udalak. Hurrenez hurren, Udalak arlo honetan eskainitako zerbitzuak ebaluatzea, euskararen erabilera handitzeko helburu estrategikoak finkatzea eta helburu horiek lortzeko plangintza eta egitura zehaztea dira ikerketak eman behar izango dituen urratsak.

Azterketa ganoraz aurrera eramateko hainbat haurtzaindegi, ikastetxe, Udaleko zerbitzu, akademia, eliza edo beste mota bateko zerbitzutako 70 eragilek hartuko dute parte. Dagoeneko inkestak egiten hasi dira eta ondoren lan mahai batzuk eratu eta jarraipen batzorde bat osatuko dute.

Kirola

Bestalde, Gehi-Kirola egitasmoak 23.500 euroko aurrekontua du. Ekimen horren helburuak hiru dira: kirol jarduerak antolatzen dituzten erakundeen hizkuntza diagnosia egitea, euskararen erabilera sustatzea eta Udalak eskain ditzakeen funtzioak eta zerbitzuak zehaztea. Hasieran 69 inkesta egingo dizkiete bi irizpide nagusiren arabera sailkatutako eragile anitzei.

Udalak diagnosien emaitzak datorren udarako edukitzea espero du, datorren ikasturtean ekitaldi zehatzak aurrera eramaten hasi ahal izateko. Imanol Landa, Presidentzia arloko zinegotziak azaldu duenez, “bi egitasmo hauek osoko bilkuran onartutako euskararen erabilera biziberritzeko planaren helburuekin ere bat datoz eta euskaraz bizi nahi duten getxotarrei aukera erraztu eta bermatu nahi diete”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun