Joanes Igeregi sopeloztarraren esku dago Abra Saria berriro ere eskualdean geratzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 24a, 14:56
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, larunbat honetan jokatuko da laugarren urtez Abra Saria. Aurrekoetan bezala, Euskal Herri osotik etorritako sei bertsolari gazte arituko dira norgehiagokan, aurtengo txapela lortzeko, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan 19:00etatik aurrera egingo den saioan. Izan ere, bertsolari belaunaldi berriei bultzada ematea du helburu lehiaketak. Sortzez Erandiokoa, gaur egun Sopelan bizi den Joanes Igeregi izango da Uribe Kosta eskualdeko ordezkaria. Txanda hartuko ote dio 2004ko txapeldun Xabi Paya algortarrari? Andere Arriolabengoa (Aramaio), Oihana Bartra (Bilbo), Agin Rezola (Astigarraga), Eneritz Zabaleta (Baiona) eta Jon Elizetxerekin (Baztan) jokatu beharko du garaikurra 19 urteko mutikoak. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Josu Esnaola arituko da. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eraman beharko da. ALBE egoitzan, Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8) edota, saioa hasi baino ordu bat lehenago, musika eskolako txartel-leihatilan bertan jaso daiteke.
ALBEkoek pozarren daude eskolak aurten 25 urte betetzen dituelako eta, ospakizun horren ekitaldi nagusiena abendu aldean egingo den urtebetetze-jaia izango den arren, tartean bertsoekin gozatzeko aukerarik ez da faltako. Hain zuzen ere, 2005ean zehar aurrikusita dauden hamar bat jardunaldi (Balkoitik Balkoira, Bertso Jaialdi Mundiala, AHOBIen Gala, udalerriko jaietako bertso saioak...) aurrera atera ahal izateko Getxoko Udalatekin hitzarmena lortu dute aurten. Hain zuzen ere, hura sinatzeko ekitaldian Joseba Santxo ALBEko arduradunak zehaztu zuenez, "laugarren urtea izanda, heldutasun garaira heldu da Abra Saria". Berak azaldutakoaren arabera, Gipuzkoan egin ohi dira horrelako lehiaketak eta hasieran Bizkaian egiteko ohiturarik ez zegoen arren, "pizkanaka bere lekua hartu du Abra Sariak". Lehenengo urtean "beldurrarekin" zeudela aitortzen du Santxok. Hala ere, "urtetik urtera emaitzak paregabeak" izan dira.

Arrobia badago

Hasieran lagun talde modura sortu zena, Bizkaiko bertsolarien "elitearen eredu" da gau egun, Jose Santxok adierazitakoaren arabera. Orain 25 urte bertsolaritza eta euskal kultura lantzeko helburuari eustea gutxi balitz, urtetik urtera gero eta emaitza paregabeagoak izaten dituzte ALBEko gazteek. 2004a adibidetzat jarrita, Bizkaiko Umeen eta Gaztetxoen Bertsolari Txapelketan, 14 urte artekoetan, Jone Uria algortarrak eskuratu zuen txapela; 15 eta 16 urtekoen artean, berriz, Arrate Illaro (Getxo) eta Itsaso Paia (Algorta) izan ziren lehenengo eta bigarren, hurrenez hurren. Euskal Herrikoan, berriz, Jone Uria izan zen txapeldunorde.

Jada horren gazte ez direnen artean, Joanes Igeregi berak bertsotan trebea dela aisa erakutzi zuen Bizkaiko txapelketako kanporaketetan, finalaurrekoetara heltzerik izan ez zuen arren. Xabi eta Fredi Payak, berriz, finalera iritzi ziren. Hain zuzen ere, payatarren artean hasierakoak irabazi zuen 2004ko Abra Saria. Beraz, eskola "osasuntsu" dabil.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun