18/01 sumarioa eramango du Getxoko Udal Batzarrera Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 24a, 19:29
Getxo Bizia herri plataformak bihar barikuko udal batzarrerako aurkeztu duen ekimenaren berri eman nahi dizuegu. "Euskal gazteria Madrilen epaitua" izenekoa mozioan, Madrilgo Auzitegi Nazionalean 18/01 Jarrai-Haika-Segi sumarioagatik hilabete honetan hasitako epaiketa dela eta bost puntu onartzea eskatzen diogu Getxoko Udalari: 18/01 eta 18/98 sumarioarekin lotutako beste epaiketak salatzea "Euskal Herriari dagozkion eskubide politiko eta zibilen aurkako epaiketak direlako"; 42 gazteei "babesa" eskaintzea eta "kartzelaratuak dauden kideen askatasuna" eskatzea; "Euskal Herriaren eskubideak errespetatzeko" eskatzea "espainiar zein frantziar estatuei"; "Konponbidea ekarriko duen euskal herritar guztien hitzaren errespetua bermatzeko, elkarrizketa eta akordioaren aldeko apustua" egitea; eta Getxoko Udalak "42 gazteri babesa emateko antolatzen diren ekimen guztietan parte hartzeko" deia egitea.
Euskal gazteria madrilen epaitua

Otsailaren 7 an hasita, 42 euskal gazteren aurkako epaiketa ari da egiten Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Beste behin ere estatu espainiarreko botere guztiek bat egiten dute, Euskal Herria bere askatasunaren bidean ematen ari den pausu atzeraezinak oztopatu eta errepresioaren bidez etorkizuna ukatzen saiatzeko. 42 gazte hauen aurkako epaiketa, 18/89 izenaz ezagutzen den makro-sumarioaren bidez bi estatuek herri hau suntsitzeko emandako enegarren pausuan kokatu behar da. Azken mendeetan hainbat aldiz bezala, herri oso bat epaitzeari ekin dio egun hauetan bere Entzutegi Nazionalean espainiar estatuak; aldez aurretik bide horretatik porrota eta gatazkaren luzapena besterik izango ez duela jakin arren ere.

Epaiketa honetan berriro ere agerian geratzen da herri honek pairatzen duen salbuespen egoera. Agerian utzi du estatuak herria ukatzeaz gain, euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak ere ukatu egiten dituela. Ideiak kriminalizatzen dira eta oinarrizko eskubideen urraketa garbia ematen da.

Inongo oinarririk ez duten eginbide judizialetan, torturapean egindako adierazpenetan, Madril eta Parisko gobernuek egindako muntai politiko polizialetan oinarritutako beste pausu baten aurrean gaude. Egun hauetan 42 gazterekin hasi den bideak ehundaka euskal herritarrekin jarraituko du datozen aste eta hilabeteetan.

Demokraziaren mozorroa jantzia duen faxismoa bizi dugu Euskal Herri osoan. Salbuespen egoera hau ez da inputatuak diren kide eta erakundeen arazoa bakarrik. Hau Euskal Herri osoaren arazoa da.

Inoiz baino argiago ari da geratzen, Euskal Herria askatasuna eta demokraziarantz urrats sendoak ematen ari den une berean, estatuak horrelako bitartekoekin erantzuten duela. Francoren garaian TOPa ezarri zioten herri honi. Gaur egunean Entzutegi Nazionala deritzon tribunal berezia da helburu berdinak bere gain hartuta ari dena: Ideiak legez kanporatzen dituzte, manifestatzeko, biltzeko, pentsatzeko eskubideak ukatzen dituzte eta gazte belaunaldi osoak kartzela bidean jartzen dira, eskubide politiko eta zibil denak ukatuz.

Bitartean, duela 25 urte ezarritako markoaren ezintasunak agerian geratzen dira. Marko autonomikoak ez du balio ideia guztiak defendatu eta gauzatuak izateko. Ez du balio herri honek estatu arrotzetatik jasotzen dituen erasoen aurrean defendatzeko. Marko honek ez du balio izan, berau sortu zenean jaio zen belaunaldi oso batek askatasuna eta bakea ezagutzeko. Belaunaldi hau bera, helburu horiek defendatzeagatik kartzelaratua izateko arriskuan da.

Hala ere, geroz eta nabarmenagoak dira konponbidearen aldeko jarrerak. Euskal Herriaren aitortza eta errespetutik etorriko den konponbidea. Elkarrizketaren bidez jorratu eta euskal herritar guztiei hitza emanaz eraiki behar den konponbidea.

Epaiketa honen aurrean eta beste behin ere, herri hau aitortu eta errespetatzeko exijitzen dugu. Herri honek bere etorkizuna libreki erabakitzeko duen eskubidea defendatzea da aste hauetan espainiar Entzutegi Nazionalean epaituak izaten ari diren 42 gazteren “delitua”.

Bost puntu

Gertaera honen larritasuna kontutan harturik, Getxo Bizia herri plataformak honako puntu hauek aurkezten ditu Osoko Udal Batzarrean bertan eztabaidatu eta onartuak izan daitezen.

1.- Getxoko Udalak, Euskal Herriko 42 gazteren aurka otsailean hasi eta datozen hilabeteetan beste ehundaka euskal herritarrek izango duten epaiketak ozenki salatzen ditu, Euskal Herriari dagozkion eskubide politiko eta zibilen aurkako epaiketak direlako.

2.- Udal honek epaibidean dauden 42 gazte hauei, bere babesa luzatu nahi die. Era berean kartzelaratuak dauden kideen askatasuna exijitzen du.

3.- Udal honek, errepresioa alde batera utzi eta urrats ausartak emanez, Euskal Herriaren eskubideak errespetatzeko eskatzen die espainiar zein frantziar estatuei, Euskal Herria aitortu eta errespetatzen ez den bitartean gatazka politiko hau ez delako gaindituko.

4.- Konponbidea ekarriko duen euskal herritar guztien hitzaren errespetua bermatzeko, elkarrizketa eta akordioaren aldeko apustua egiten du Getxoko Udalak.

5.- Getxoko Udalak Madrilen epaituak izaten ari diren 42 gazteri babesa emateko antolatzen diren ekimen guztietan parte hartzeko dei egiten die herritarrei.

Getxon, 2005 eko otsailaren 11n
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun