Greenpeacek eta Energiaren Euskal Erakundeak parte hartuko dute osteguneko jardunaldian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 24a, 21:52

Martxoaren 3an energiari buruzko jardunaldia egingo dute Getxoko Udaleko Ingurumen Arloak antolatuta. Besteak beste, udalerriko ikasleei zuzendutako hitzaldia eta herritar guztiei zabalik dagoen mahaingurua osatzen dute egitaraua, Greenpeace eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) ordezkarien partaidetza tartean. Ekitaldi hauek Tokiko Agenda 21 egitasmoaren barruan kokatzen dira. Aipatu ekimenean Gobela ikastolak, Larrañazubi ikastetxeak eta Aixerrota, Fadura eta Julio Caro Baroja institutoek hartzen dute parte, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Zentroen kudeaketan eta ekintzetan ingurumenaren gaineko hezkuntza eta sensibilizazio irizpideak zabaltzea da helburua. (Argazkian, Gobela kiroldegian jarritako eguzki-panelak).

Ikasturte honetan energia gaia izan da aukeratua eta, aurrera eramaten ari diren ekitaldien artean, Tokiko Agenda barruko ikastetxeen energia-baldintzen diagnosia egiten ari dira. Horretaz gain, aurrezpena eta eraginkortasun energetikoari begira, hezkuntza zentroetako kideak sensibilizatzeko konpromisoak biltzen dituen ekintza plana egitea dago. Baita Eskola-Foro bat martxan jartzea ere, aipatutako bost hezkuntza-zentroetako kideekin eta Udaleko ordezkari tekniko eta politikoekin.

Laster Getxo udalerriko energia instalazioetara bisitak egingo dituzte: Bolueko zabortegira edota Gobela kiroldegira, egiaztatze energetikorako egitasmoa tokian bertan ikusi ahal izateko. “Ekintza hauek guztiek etorkizunean jarraipena izateko asmoa dugu, baita haurren artean jasangarritasunaren aldeko jarrerak sustatzea ere”, gaur goizeko prentsaurrekoan Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak azaldu duenez.

Martxoaren 3a

Energiari buruzko jardunaldien barruan, eraginkortasun energetikoari eta energia berriztagarriei buruz arituko zaizkie ikasleei Fadura kiroldegian, 12:00etan. Arratsaldeko zortzietan Algortako Kultur Aretoan, Villamonten, mahaingurua egongo da. Bertan Juantxo López de Uralde Greenpeace España elkarteko zuzendariak “Políticas de ahorro y eficiencia energética” gaiaz arituko da eta EEEko kide den Iñaki Boveda “Situación energética en la CAPV” gaiaz.

PSE-EEren mozioaren gainean

Udal erakundea Kiotoko protokoloa betearazteko neurrietan "burubelarri" aritu dadin eskatuz, biharko osoko bilkurarako Getxoko PSE-EEk aurkeztutako mozioa ere izan du mintzagai Fernado Burzako Ingurumen zinegotziak. Bere hitzetan, "dagoeneko pausuak ematen ari dira bide horretan. Hortaz, ez dauka zentzurik egiten ari den zeozeren gainean mozioa aurkeztea".

Bere egunean, Fernando Almansa sozialisten bozeramaileak azaldutakoaren arabera, "Ingurumen Arloa ez ezik, gainontzeko udal sailak ere klima aldaketa arintzeko neurriak hartzea eskatzen dugu, batez ere hirigintza eta mugikortasun politikei dagokienez". Halaber, Tokiko Agenda 21aren barruan horri lehentasuna ematea eskatzen dute sozialistek, "arlo publiko zein pribatutik etorritako ekimenetan".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun