Guztion beharra dugu euskal presoak Euskal Herriratzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 24a, 22:04

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aurrera jarraitzen du bere oinarrizko eskubideen eta estatus politikoaren defentsan egiten ari den borrokaldiarekin. Jada, 54 egun daramatza borrokaldi honetan murgilduta, 54 egun plante bateratua egin ostean txandakako itxialdian. Egun urratuak dituzten oinarrizko eskubideak bermatzea eta estatus politikoa aplikatzea dute xede. Biak ala biak lortzeko ezinbestekoa da euskal preso politikoak Euskal Herriratzea eta, horretarako, ezinbestekoa, herri honetako eragile eta instituzio orok, alderdi eta norbanako interesak alboraturik, euskal preso politikoak Euskal Herriratzeko indarrak metatzea.

Bitartean, euskal gizartearen nahiari muzin egin eta, herri honetako eragile eta alderdi politikoak hitzetatik ekintzetara igarotzen ez diren arte, estatuek itsu eta gor euskal preso politikoen aurkako neurri berriak hartzen jarraitzen dute, oraindik eta gehiago urrunduz, sakabanatuz, komunikazio bideak itxiz, euskal herritarrak atxilotzen eta torturatzen jarraitzen dute, amaigabeko sarekadak burutuz, euskal herritarrak gauez atxilotuz, 5 egunez torturatuz, injustiziarik handienak burutzeagatik euskaldunoi ezagun zaigun Entzutegi Nazional espainiarrean euskal gizartea zigortzen jarraitzen dute, gaur gazteak eta bihar gizarte mugimendu ezberdinetako ordezkariak zigortuz.

Halaber, astero-astero sakabanaketa politikarekin amaitzeko, euskal gizartearen eta euskal preso politikoen arteko zilborreste lana egiten ari garen senide eta lagunok ere jo puntuan gaituzte. 4 dira jada aurten sakabanaketa politikak eragin dituen istripuak, 12 berriz, istripu hauetan arinago ala larriago zauritu direnak. Ezin ahaztu ere senide eta lagunongan sortarazten ari diren odoluste ekonomikoa.

Euskal gizartearengan jarria itxaropen

Guztion beharra dugu, euskal gizartearengan dugu jarria gure itxaropen guztia, bai baitakigu herri honi bere nahia artikulatzeko eragile eta instituzioek bideak ezartzean euskal preso politikoak Euskal Herrira leloa errealitate bilakatuko dela. Horretan ari gara lanean eta, guztion artean lortuko dugu. Lortuko dugu horrenbeste saminekin amaitzea, lortuko dugu euskal preso politikoak Euskal Herriratuz, horrenbeste sufrimendu sortarazten ari den sakabanaketa politikoarekin amaitzea, senide, lagun nahiz euskal preso politikoen eskubideak bermatzea, gatazka politiko eta armatuaren konponbiderantz atzeraezinezko pausoa ematea. Ekin lanari, guztion ekarpena, elkartasunetik haratago doan konpromisoa, ezinbesteko baitzaigu. Euskal presoak Euskal Herrira!

Etxerat
http://www.etxerat.info


Azken ostirala Uribe Kostan:

"Isolamendu Politikoaren kontra, Estatus Politikoaren alde, Euskal Presoak Euskal Herrira!" kontzentrazioak izango dira honako herrietan:

- Leioa: Boulevardean 20:00etan.
- Itzubaltzeta / Erromo: Xake enparantzan 20:00etan.
- Algorta: Telletxen 20:00etan.
- Berango: Gudari Enparantzan 20:00etan.
- Sopela: Udaletxeko plazan 20:00etan.
- Urduliz: BBVaren aurrean 20:00.
- Lemoiz: Armintzako bus geltokiaren aurrean 19:30etan.

- Taloak Itzubaltzeta / Erromon, Branka herriko tabernan.
- Taloak Sopelan: errepresaliatuen alde, 19:00etatik aurrera, herriko tabernan.
- Taloak Algortan: Amnistia taberna 20:00tik aurrera, Sarrikobason.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun