Eskualdeko sei presok txandan sartzearekin batera, "ardurak" eskatu dituzte batzokien aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 24a, 22:58

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) urtarrilaren 4an abiatu zuen itxialdiak seigarren urratsa egin zuen atzo. Txanda Espainiako eta Frantziako hamahiru espetxe hauetan dauden 132 euskal preso politikok osatzen dute: Valdemoro, Los Rosales, Uzerche, Curtis, Bonxe, A Lama, Monterroxo, Alcala Meco, Muret CD, Ourense, Villabona eta Malaga. Uribe Kosta eskualdeari dagokionez, Algortako Albaro Arri (Alcala) eta Kepa Saratxaga (Alcala); Berangoko Patxi Markes (Curtis) eta Ibai Aginaga (Alcala); Erandioko Lurdes Zerrato (Curtis) eta Sopelako Sergio Polo (Curtis) dira lekukoa hartu dutenak. Presoak martxoaren 5era bitartean izango dira euren ziegatan ezertarako atera gabe. Gainera, txanda aldaketarekin bat eginez, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkarretaratzeak antolatu zituen atzo EAJren batzokien aurrean. Mobilizazioen helburua EAJri ardurak eskatzea zen. (Argazkian, Areetako batzokia)

EPPKren borrokaldia dela-eta, gutuna helarazi zien EAJren arduradunei batzokien aurrean eginiko elkarretaratzeen ostean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Idazki horretan euskal presoen aferaren inguruan EAJri ardurak eta konpromisoak hartzeko exijitzen dio AAMk. Euskal presoen sakabanaketaren kontra EAJk aspaldi honetan "behin eta berriro aldarrikatzen duen jarrera argia" txalotzen du AAMk, baina "hitzak ekintzak bilakatzeko" eskatzen dio. Bestela, "erretorika hutsean ainguratuta jarraituz gero, aurrean izango gaituzue" ohartarazi dio AAMk EAJri, gutunean. Gainera, euskal presoen sakabanaketan eta horrek eragindako ondorioetan EAJk oinarrizko erantzukizuna duela uste du AAMk, politika hori "EAJk sustatuta eta justifikatuta" sortu zelako.

Uribe Kostan hainbat elkarretaratze

Eskualdean Leioa, Algorta, Urduliz, Sopela eta Areetako batzokien aurrean elkartu ziren dozenaka lagun. Lemoizen, berriz, Pedro Botejara alkatearen etxe aurrean egin zuten elkarretaratzea. Hurrengo egunetan ere ugariak izango dira presoei elkartasuna adierazteko konzentrazioak. Besteak beste, ohiko deialdiez aparte, Algortan larunbatero batuko dira Telletxen, 12:30ean, EPPKren borrokaldia iraun bitartean.

Ohiko mobilizazioak:

- Algorta: egunero (lanegunetan), 20:00etan, Telletxen.
- Berango: astelehen eta ostegunetan, 20:00etan, Gudari enparantzan.
- Sopela: astelehenetan, 20:00etan, Larrabasterran; ostegunetan, 20:00etan, udaletxearen aurrean.
- Urduliz: astelehenetan, 20:00etan, geltokiaren ondoan.
- Plentzia: astelehenetan, 19:50ean, Zubiko enparantzan.


Gaiaren inguruko berriak:

Aranjuez espetxera aldatu dute Pagoa Zulueta (2005 Ots 21)

Telefono deiak eta asteburuko bisita kendu dizkiote Anjel Figueroa preso algortarrari (2005 Ots 15)

Uribe Kostako sei presok ekingo diote itxialdiko bostgarren txandari (2005 Ots 11)

Uribe Kostako presorik ez dago itxialdiko laugarren txandan (2005 Ots 04)

Uribe Kostako beste bost presok hartuko diete txanda Gallastegi eta Garridori (2005 Urt 21)

Orkatz Gallastegik eta Karlos Garridok egingo dute bigarren txanda (2005 Urt 13)

Astebete egin dute itxita Bilbaok eta Garciak (2005 Urt 11)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun