Koska "ETAren inguruarekin" lotzeko saiakera ez du "premiazko egoeratzat" jotzen Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 25a, 15:20

Algortako Telletxe plazan prentsaurrekoa eman ostean, Getxoko udaletxean egiten ari zen osoko bilkurara batu dira Koska kultur elkarteko dozena bat lagun. Bertan, Koska "ETAren inguruarekin" lotzeko Interviuk egindako saiakeraren gainean, "ezkutatzeko ezer ez" daukatela eta "elkarte kulturala baino ez" direla azaldu diete udalbatza aretoan geratzen ziren zinegotziei. Izan ere, Aurretik, Getxo Biziak hitza hartu bezain laster euren eserlekuak utzi dituzte PSE-EE eta PPko ordezkariek. "Udal gobernuak argi dauka kultur taldea zaretela eta horrela hartzen zaituztegu", erantzun die gazteei Iñaki Zarraoa alkateak, "bestela ez genizueke jaietan txosnarik emango", gaineratu du. Hala ere, Koskakoek biltzeko eskatu eta erantzunik jaso ez izanari, "egoera premiazkoa ez" dela aipatu die udal mandatariak. Zarraoaren hitzetan, "aldizkari batean esandakoagatik bilerak egiten hasiko bagina, txarto ibiliko litzateke Udala".

EAJ, EA eta EB-Berdeak alderdietako zinegotzien aurrean, kaleratutako komunikatua irakurri eta euren diru-iturriak (txosnak, kamiseten salmenta...) eta jarduerak zeintzuk diren azaltzeko hitza hartu du Koskako gazte batek. "Guzman Aranaga kultur zinegotziak ondo baino hobeto daki Udalarekin kontuak kitatzen ditugula", adierazi du, "ezkutatzeko ezer ez" dutela gaineratzearekin batera. "Falta diren zinegotziei –PSE-EE eta PPkoei buruz– hori helaraztea nahiko genuke", eskatu du Koskakoak. Hala ere, Aranagarekin biltzeko egindako eskaerari erantzunik ez jasotzea "txarto" hartu dute Koskako kideek.

Hala ere, eurekin bitzera, irratiko egoitza ezagutzera eta, horretaz gain, "Koskakide" kanpainarekin bat egitera gonbidatu dituzte zinegotzi guztiak. "Ez dizkiogu inori ateak izten. Gainera, zu, Zarraoa, ondo baino hobeto dakizu, orain bi urte gure lokalean egon baitzinen", adierazi du hitza hartu duen lagunak. "Espero dugu Guardia Zibilak edo beste koloreko poliziak gure atea joko duen eguna ez heltzea, ez baitaukagu ezkutatzeko ezer, eta berriro diot, ezertxo ere ez", amaitu du.

Gaiaren inguruko berriak:

Koska kultur elkartearen komunikatua

"Koskakide" bazkidetza kanpaina abian jarri du Koska irratiak

"Koska irratiaren eskutik" kontzertuan arituko dira ostiralean Kloratita, Ekin eta UKabilkada (2005 Ots 24)

Herritarren babesa eskatu du Koskak (2005 Ots 23)

Zer da Koska kultur elkartea? (2005 Ots 22)

Koska irrati askea erasotua (2005 Ots 21)

Areetako bonba-autoa aitzaki hartuta Getxon bizitzea "itogarria" dela plazaratu du 'Interviu'k (2005 Ots 21)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun