Ateak zabalduko dizkie etorkizuneko ikasleei EHUk datorren astean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 25a, 15:31

Ateak irekiko dizkie Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza ertainetako 8.500 ikasleei EHUk otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitartean, irakaskuntza, proiekzio pertsonala eta azpiegitura bertatik bertara ikusi eta erakutsi ahal izateko. Ikasleek ikasiko duten karreraren inguruan laster hartu behar izango duten erabakian laguntzeko asmoz, unibertsitate-ikastegi bakoitzean bi jarduera antolatu ditu EHUk: ikasketei buruzko informazio-hitzaldiak eta ikastegiko eraikin eta instalazioetarako bisitak. Argazkian, Leioako campusa.

Uribe Kostako ikasleek eta Leioako campusean ikasteko asmoa dutenek lau egun izango dituzte bisita egin eta gustuko ikasketen inguruko informazioa jasotzeko. Otsailaren 28an, astelehena, Leioako campusa eta Bilboko ikastegiak bisitatzeko bizkaitarren txanda izango da. Hurrengo egunean, Arabako campusa ikusteko aukera izango dute Uribe Kostako ikasleek, bestelako bizkaitarrak bezala. Martxoaren 2an, asteazkena, Leioako eta Bilboko fakultate zein unibertsitate-eskoletan Arabako eta Gipuzkoakoen eguna izango da. Azkenik, martxoaren 3an, osteguna, Gipuzkoako campusa bisitatu ahal izango dute Uribe Kostako lagunek.

Oraingoz, 8.500 ikaslek baino gehiagok eman dute izena bere ikastetxean jarduera horretarako, baina kopuru hori handiagoa izan daiteke datorren astean EHUren ateak zabaltzeko jardunaldiak egingo direnean.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, eta ordutegia honako hau da: 10:30etatik 13:30etara eta 15:30etatik 18:30etara. Informazio gehiago nahi duenak Unibertsitateko Orientazio-Zerbitzura jo dezake telefono hauen bidez: Araba (945 013 394), Bizkaia (946 013 159) eta Gipuzkoa (943 018 256).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun