Areetako kanpaldia eteteko agindua berarena izan zenik gezurtatu du Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 25a, 20:18

Getxo Bizia herri plataformak aurkeztutako interpelazioari erantzunez, otsailaren 11n Areetako Xake plazan egiten ari zen 18/01 sumarioaren kontrako kanpaldia desalojatzeko aginduaz hainbat hedabidek kaleratutakoa gezurtatu du Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak. "Seguru nago agindua alkatearena zenik ez zuela esan Ertzaintzaren Erandioko prentsa zerbitzuak. Kazetariren batek asmatutako kontua da hori", adierazi du gaurko osoko bilkuran. Izan ere, udal mandatariek polizia autonomikoari aginduak emateko "eskumenik ez" dutela dio Zarraoak. "Zein al da Getxoko gazteei eta herritarrei oro har protesta egiteko uzten zaien bidea?" galderari, berriz, protesta egiteko eskubidea ez zitzaiela ukatu erantzun du alkateak, "mugatu baino ez". "Ez al ziren ba gauetik goizera egon?", azaleratu du Zarraoak, "kontua da gauza guztiek bere neurria eduki behar dutela".

Getxoko alkatearen hitzetan, protestak egiteko aukera badago udalerrian, baina eskubide guztiak bezala "oinarri eta neurri" batzuk bete behar dira. "Ezin da plaza bat 24 orduz, aste betez edota hilabetez okupatu", adierazi du Zarraoak. Gainera, "beharrezkoa bada ere", gazteek kanpaldia egiteko inolako baimenik ez omen zuten eskatu udal arduradunaren ustez.

Agindua

Ertzaintzak kanpaldia desalojatzen ari zen bitartean, Iñaki Urkiza EB-Berdeakeko zinegotziarekin hitzegin eta horrek Iñaki Zarraoa alkatearekin zuzenean berba egiteko hitza eman ziela adierazi zioten UKBERRIri Xake plazan gaua eman zuten gazteek. Gaur, ordea, horren gainean hitzik ere ez du aipatu Urkizak. Bere egunean, alkatearekin zein aipatu zinegotziarekin hitz egiten saiatu zen UKBERRI. Baina biak “bilduta” zeuden. Getxoko Udaleko Prentsa Bulegoak Barne Sailarengana bideratu zituen gaiari buruzko galdera guztiak. Ertzaintzaren Erandioko Prentsa Bulegoak, berriz, desalojoaren agindua Getxoko Udalak eman zuela esan zuen, baina ez zuen argitu zer pertsonarengandik ailegatu zitzaien agindua: “Udaletik, besterik gabe”.

Gaiaren inguruko berriak:

Ertzaintzak desalojatutako kanpaldiari buruz galdetuko dio Zarraoari Getxo Biziak (2005 Ots 24)

Ertzaintzaren jarrerari "harroputza" deritzo ezker abertzaleak (2005 Ots 11)

Ertzaintzak Jarrai-Haika-Segi sumarioaren kontra Areetan egindako kanpaldia desalojatu du (2005 Ots 11)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun